NAIZ

Bizkaiko Jaiak bilatzailea martxan jarri du Patxi Koop kooperatibak

Bizkaiko Jaiak izeneko bilatzaileak herrialde osoko 60 ospakizun eta jaitik gora jasotzen ditu dagoeneko. Horien artean, Bilboko auzoetan 2018an egingo diren guztiak. Patxi Koop kooperatibaren asmoa tresna hau konpartsen, jai batzordeen eta bestelako elkarteen eskura jartzea da, haien ekitaldiak zabaltzen laguntzeko.

Zamudioko Patxi Koop kooperatibak jarri du martxan Sarean bilatzailea.
Zamudioko Patxi Koop kooperatibak jarri du martxan Sarean bilatzailea.

Aste Santua baino lehen jarri zuren sarean Patxi Koop enpresak Bizkaiko jaien bilatzailea. Bere helburua jai herrikoiak, musika jaialdiak edo bestelako ospakizunak bilatzen dituzten erabiltzaile guztiei zerbitzua ematea da.

Bizkaiko Jaiak deitzen da eta martxoaren hasieran abian jarri zen arren, dagoeneko 60 ekitaldi baino gehiago jaso ditu, tartean Bilboko auzoetan 2018an egingo diren guztiak.

Gizarte guztiari begira doako tresna bat eskaini nahi izan du Patxi Koop kooperatibak. Nabarmentzen dutenez, erraza da erabiltzeko eta norbere aisialdia antolatzeko balio du.

Era berean, konpartsei, jai batzordeei eta bestelako herri elkarteei antolaturiko ekitaldiak zabaltzeko plataforma bat eman nahi die.

Galder Uriartek, Patxi Koop kooperatibako kudeatzaileak argi azaldu du zergatik sortu nahi zuten halako tresna bat: «Gure herriak ez du parekorik kalea betetzeko orduan, jaia geure-geurea da, herri eta kultur elkarteek sekulako lana egiten dute hori horrela izan dadin eta guk geure aldetik luzaroan horrela iraun dezan lan egingo dugu, ahal dugun neurrian».

Jaiak lan asko sortzen duela ere azpimarratu nahi izan du. «Asko dira lanak sortzen dituen enpleguak, modu zuzenean edo zeharkakoan. Eta gure asmoa, jaietatik bizi diren enpresei eta langile autonomoei tresna erabilgarri bat eskaintzea ere bada».

Lekua eta eguna aukeratzeko modua ematen duen egutegia Bizkaiko Jaiak bilatzailea Patxi Koop kooperatibaren webgunean bisitatu daiteke -http://www.patxikoop.eus/jaiak helbidean-.

Egutegiak egun bakoitzean Bizkaian antolatzen den jaia erakusten dio erabiltzaileari -dauden guztiak, bat ala batzuk-. Jaii horietako bakoitza fitxa modura ikus daiteke, zer-nolako programazioa dagoen jakiteko -dagoeneko ezagutzen bada- edota jaien kartela ikusteko -kartelik badago-.

Horrez gain, leku edo egun zehatz batean zer dagoen jakin nahi duenak, bilatzailea erabilita jakin dezake eta egutegia bere horretan deskargatu nahi badu, edozein gailutara ekar dezake, ordenagailura, tabletera edo eskuko telefonora.

Elkarte herrikoientzako eta jai batzordeentzako tresna erabilgarria, Patxi Koop kooperatibaren eskutik jaio da, «Bizkaiko txosnen % 80ari zerbitzua ematen dion enpresaren eskutik», azpimarratzen dutenez.

Patxi Koop-en asmoa ez da soilik aisialdia antolatzeko hiritarrentzako tresna bat Sarean jartzea, ekitaldiak antolatzen dituztenei ere eman nahi die zerbitzua. «Txosnak zerbitzatzen adituak garenez, badakigu zenbat jende mugitzen duen jaiak eta badakigu, era berean, zer den ospakizun handi bat martxan jartzea eta zenbat lan eskatzen dien horrek kultur elkarteei, konpartsei edota jai batzordeei».

Galder Uriarteren esanetan, «horregatik eskaini nahi izan diegu tresna erabilgarri bat, batetik, kalera atera eta jaiaz gozatu nahi dutenei eta, bestetik, jaiak antolatzen dituztenei, egindako ahalegina zabaltzeko modua izan dezaten».

Horretarako, webgunean bertan aurkituko duten berehalako mezularitza zerbitzua erabiltzea besterik ez dute.

1985etik

Patxi Koop ostalaritza arloko banaketa zerbitzuak ematen dituen kooperatiba bat da eta Zamudion du egoitza nagusia, Bizkaian. 1985ean sortu zen eta, egun, liderra da jaietarako zerbitzuak ematen. Ia Bizkaian jartzen diren txosna guztiak zerbitzatzen ditu, 10etik 8 inguru urtean zehar eta are gehiago Bilboko Aste Nagusian. Bizkaia osoan 1.400 bezero inguru dituzte eta horietatik 700 bat dira haiekin garagardo iturria jarrita dutenak. Besteak beste, Mahou, LA SALVE eta Alhambra etxeetako garagardoen banatzaile ofizialak dira.