NAIZ

Gurpil aulkiko saskibaloiko Euroligako finala Bilbon

Titulua eskuratzeko borrokan arituko dira Galatasaray (Turkia), Oldham Owls (Britania Handia), Interwetten-Coloplast Sitting Bulls (Austria), BG Baskets Hamburg (Alemania), Besiktas (Turkia), London Titans (Britainia Handia), Kardemir (Turkia) eta Bidaideak Bilbao BSR.

2017an Euroligako lehen fasea jokatu zen Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
2017an Euroligako lehen fasea jokatu zen Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Gurpil Aulkiko Saskibaloiko Nazioarteko Federazioak Bilbo izendatu du aurtengo azken faseko antolatzaile, 2017ko finalaren aurretiko fasearen antolaketan izandako arrakasta ikusita.

Horrela, partidak ostiraletik igandera jokatuko dira, apirilaren 27tik 29ra, Lasesarreko (Barakaldo) eta Txurdinagako kiroldegietan. Finala eta hirugarren eta laugarren posturako partida Txurdinagan jokatuko dira. Sarrera doakoa izango da partida guztietan, eserleku guztiak bete arte. Lehiaketan talde guztiek jokatzen dute guztien aurka, eta, ondorioz, partida gehien irabazten duen taldea izango da irabazlea. Berdinketarik egonez gero, average partikularra hartuko da kontuan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Galatasaray talde turkiarra da faborito nagusia, «Europa osoan curriculum onena duen taldea baita». Besiktas talde turkiarra da Galatasarayren aurkari nagusia, herrialdean bertan zein Europa mailan. Istanbulekoak biak, aurkariak dira kirol sail guztietan, baita gurpil aurkiko saskibaloian ere. Turkiako hirugarren taldea Kardemir Karabukspor da.

Bestalde, BG Baskets Hamburg Alemaniako liga indartsuko puntako taldea da. Taldekide askok beren herrialdeetako selekzioetan jokatzen dute, horien artean, Ali Ahmadi iraniarrak. Halaber, Interwetten-Coloplast Sitting Bulls Austriako talderik indartsuena da: 25 titulu eskuratu ditu eta ohikoa izaten da Europako lehiaketetako azken faseetan.

Bi talde ingeles ere izango dira azken fasean: London Titans eta Oldham Owls. Azkenik, Bidaideak Bilbao BSR talde bilbotarrak antolatzailea delako jokatuko du Euroligako azken fasea.