NAIZ

«Uribarriko bilbainada», konpartsaren 40. urteurrena ospatzeko

Bilboko Aste Nagusiaren aintzindaria den Uribarri konpartsak 40 urteurrena ospatuko du larunbat honetan eta errioxar erara prestaturiko pataten 1.000 errazio banatuko ditu dohainik. Iñaki Perurena harrijasotzailea eta erromeria ere izango dira egun osoan zehar festa giroaz gozatzeko.

Uribarriko konpartsak prestaturiko lapiko erraldoia.
Uribarriko konpartsak prestaturiko lapiko erraldoia.

1978an sortu eta Bilboko Aste Nagusiaren aintzindarietakoa den Uribarri konpartsak 40 urteurrena ospatuko du larunbatean. Besteak beste, errioxar erara prestatutako pataten 1.000 errazioen banaketa eta Inaxio Perurena harrijasotzailearen erakustaldia izango dira.

Uribarriko konpartsakideek hedadura handiko lapiko bat fabrikatu dute patatak errioxar erara sukaldatzeko eta dohainik banatuko dituzte. 250 kilo patata eta 500 txorizo erabiliko dituztela azaldu dute. «Uribarriko bilbainada hutsa da; urteurrenak merezi duelako eta auzo osoak parte hartzea ospakizunean nahi dugulako», nabarmentzen du konpartsako arduraduna den Nagore Ziluagak..

Aste Nagusiaren hastapenetatik

Bilboko Konpartsak Federakundearen kidea den Uribarri Konpartsak Aste Nagusiaren hasieratik bizirauten duten zortzi konpartsetako bat da eta Uribarri auzoko gizarte eta kultura sustatzea du helburu. San Nikolas elizaren ondoan kokatutako txosna erreferentzia bat da konpartsen artean eta bere konpartsakideek hainbat ekintzatan parte hartzen dute urtean zehar.

100 konpartsakidetik gora larunbat osoan Trauko kalean izango den ekitaldian lagunduko dute.

Haur tailerrak, erromeria, lehiaketak, sariak edo txokolatada bat, besteak beste, antolatu dituzte konpartsakideek. Inaxio Perurenak ere entrenamendua egingo du harriak altxatuz. Uribarri auzora atoi batekin eraman dute.

Ospakizuna 11.00etan hasiko da haur tailerrekin. 12.00etan Inaxio Perurenaren erakustaldia izango da eta 13.00etan auzoan zehar tabernaz taberna txistupoteo egingo da. Gero, 13.30ean, doan, bazkariaren banaketa hasiko da. Arratsaldean, 16.30ean musa, tutea eta igela lehiaketak izango dira. 19.30tik aurrera, Basajaun taldeak musika jarriko du erromerian. Amaitzeko, 21.30ean, sariak banatuko dira.