NAIZ

Zazpi kaleetako irudi berria aukeratu dute

Bilboko Trupp agentzia izan da lehiaketaren irabazlea eta 40.000 euroko saria jasoko du. Zazpi kaleak hiriaren zubi eta bihotza direla irudikatzen du logo berriak.

Zazpi kaleetako irudi berria.
Zazpi kaleetako irudi berria.

Bilboko Zazpi kaleen irudi berria hiriko altzarietan, eraikinetan, saltokietan eta tabernetan ikusi ahal izango da datozen egunentan. Lehiaketa publiko baten bitartez aukeratu da, eta Bilboko Udalaren «Zazpi Kaleen garapen jasangarrirako estrategia. Zazpi Kaleak, Bihotz Historikoa eta Modernotasuna 2016-2019» proiektuaren barruan sartzen da.

Sistema mistoa erabili da Udalak antolaturiko lehiaketarenirabazlea aukeratzeko eta adituen epaimahaiak aukeratutako proposamen finalistak ikusgai egon dira Ibaiondo eta Abandoko udaltegietan.

Herritarren eta epaimahaiaren bozketak batu eta aho batez aukeratu dutela irabazlea azaldu du Udalak bidalitako prentsa oharrean.

Miguel Zugaza, Arte Ederren museoko zuzendariak; Fernándo Pérez, Azkuna Zentroko zuzendariak; Mabi Revuelta artista plastikoak, Arantza Lauzirika, EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Laura Torres, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio eta Marketingeko zuzendariak osatu dute epaimahaia.

Epaimahaiburu, berriz, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia izan da.

Bilboko Trupp agentzia izan da lehiaketaren irabazlea. Irudi irabazleak 40.000 euroko saria jasoko du eta oharrean nabarmendu dutenez, «zubia erabiltzen du ikono moduan» eta aldi berean, Zazpi kaleak hiriaren «bihotz eta erdigune urbanoa» direla adieraztea bilatzen du.