NAIZ

BBK Live 2018: ia ehun talde, zazpi agertoki eta hiru egun

Sarrerak agortzear daudela azaldu dute 2018ko Bilbao BBK Live jaialdiaren aurkezpenean. Kanpalekuko sarrerak eta hiru egunetarako sarrerak bukatu dira dagoeneko. Florence + The Machine, Gorillaz, The xx, The Chemical Brothers, Noel Gallagher edo My Bloody Valentine dira XIII. edizioko kartelburuak.

Cartel actualizado del BBK Live 2018.
Cartel actualizado del BBK Live 2018.

Bilbao BBK Live jaialdiaren XIII. edizioa ospatuko da aurten. Kanpalekuko sarrerak dagoeneko agortu egin dira eta egun bakoitzeko sarrerak baino ez daude salgai. Uztailaren 12an, 13an eta 14an ospatuko den jaialdia ia erabat betetzea espero da.

Aurtengo edizioan 96 taldez gozatzeko aukera izango da, iaz 70 izan ziren eta zazpi agertokitan banatuko dira. Horrez gain, hirian bertan eskaini ohi diren doako kontzertuak ere mantendu dira eta aurtengo berritasunen artean kanpalekuaren erabiltzaileek soilik gozatu ahal izango duten agertoki bat egongo da eta The xx taldearen eskutik Bilbon bertan astebetez eskainiko diren jardunaldiak ere.

Florence + The Machine, Gorillaz, The xx, The Chemical Brothers, My Bloody Valentine edo Childish Gambino dira aurtengo egitaraua osatzen duten izen handietako batzuk. Gainera, Euskal Herriko eszenako hainbat ordezkari ere izango ditugu, besteak beste, Cecilia Payne, Hakima Flissi, Ibon Errazkin, Borrokan eta Aneguria.

Aurten ere, musika elektronikoaren zaleek Basoa izango dute elkargune, eta Lasai espazio berriak osatuko du, minutuko 100 beat baino gutxiagoko musika eta ingurunearekiko esperientzia bat eskainiko dituena.

Horrez gain, eremutik kanpo, Akelarre izeneko espazio bat estreinatuko da. Bertan, zuzeneko programazioa eskainiko da kanpalekuaren erabiltzaileentzat soilik.

Bereziak izeneko zikloa ere gurean izango da beste behin, jaialdiko musika hiriaren bihotzera eramateko.

Egitaraua, egunez egun

Ostegunean, uztailak 12, Florence + The Machine izango dira kartelburuak. alt-J eta Childish Gambino ere agertokira igoko dira. Ostiralean The Chemical Brothers eta My Bloody Valentine izango dira izen esanguratsuenak eta larunbat gauean Gorillaz. Noel Gallagher, Oasis taldeko kide ohia, ere egun berean arituko da.

Aurten, berritasun bezala, Kobetamendira igo aurretik sarrerak jaialdiko eskumuturrekoarengatik trukatu beharko dira. Astelehen eta asteartean, hilak 9 eta 10, BBK Aretoan trukatu ahal izango dira 11.00etatik 20.00etara. Asteazkenetik larunbatera, eskumuturrak San Mames estadioaren zelaigunean eta BEC!-en ondoan prestatutako leku berezi banatan jasoko dira, goizeko 10.00etatik goizaldeko 2.00ak arte. Jaialdiaren esparruan ez dira sarrerak eskutumuturrekoekin trukatuko, eta eskumuturrik gabe ezin izango da jaialdirako doako autobusik hartu.

Aurten ere Bilbao Bilbao BBK Live ‘cashless’ jaialdi bat izango da erabat, hau da, ez da esku-dirurik erabiliko. Publikoak jaialdiko ordainketa guztiak (merchandising-a, janaria eta edariak) eskumuturreko batekin egin ahal izango ditu, bertaratuek sarrera erosterakoan jasoko dituzten eskumuturreko adimendunetan integratutako teknologiari esker.

Dirua ‘online’ kargatu dutenei automatikoki itzuliko zaie soberan geratzen zaien zenbatekoa, eta ez da kosturik eta gutxieneko zenbatekorik ezarriko. Eskumuturrekoa jaialdiko postuetan kargatu dutenek bertan eskatu dezakete diru.