Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketan parte hartuko duten 32 taldeak hautatu dituzte

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren edizio berrian parte hartuko duten 32 taldeak aukeratu dituzten. Aurten 30 urte beteko dituen lehiaketan 16 talde arituko dira Pop Rock modalitatean eta zortzina Metal eta Urban kategorietan.

NAIZ|11/07/2018 14:42
Poprock60
Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketa.

Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren helburua da profesionalak ez diren taldeen lana laguntzea.

Pop Rock kategorian ariko dira Destino 48 (Asturias), Los Invaders (Valentzia), Fru Kantika (Valentzia), Hyedra (Gipuzkoa), Killerkume (Bizkaia), Kings of the Beach (Pontevedra), Lady Banana (Zaragoza), Laverge (Valentzia), Mama Killa (Frantzia), Yo, Gerard (Bizkaia), Poolshake (Murtzia), Purple Vellocet (Bizkaia), Rym (Granada), Giante (Araba), Wizard (Frantzia) eta Yawners (Madril).

Metal modalitateari dagokionez, Saltimbankya (Bartzelona), Perpetual Night (Granada), Next Step (Madril), Manipulation (Polonia), Physis (Sevilla), Trallery (Balear Uharteak), Incursed (Bizkaia) eta Mise en Abyme (Gipuzkoa) ariko dira, eta Urban kategorian, Beatlove (Sevilla), Boyanka Kostova (A Coruña), El Prince (Valentzia), Esteban & Manuel (A Coruña), Kvalvika (Gipuzkoa), Shintoma (Bizkaia), Ttun Ttun Brigade eta VVV (Trippin' you) (Madril).

Aukeratutako banden kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira irailaren 13tik urriaren 20ra bitartean. Kategoria bakoitzeko irabazleak aukeratzeko, epaimahaiak emandako botoez gain, ikus-entzuleen botoa ere kontuan hartuko da, eta bozen %15 izango da. Bozketan parte hartzen dutenak 2019ko BBK Live jaialdirako hamar bonu eta 2019ko Resurrection Fest jaialdirako hiru bonuren zozketan sartuko dira.

Sarietan 22.900 euro banatuko dira: 12.000 euro kategoria bakoitzeko irabazleentzat, 6.000 euro bigarren sailkatuentzat eta 3.900 euro hirugarrenentzat. Epaimahaiaren sari berezia emango zaio Bizkaiko talde edo bakarlari onenari (1.000 euro). Era berean, taldeak nongoak diren kontuan hartuta, ordainsari ekonomikoa izango dute bidaien gastuetarako.