@Athletic_eus, jarraitzaile gehien dituen euskarazko Twitter kontua

Patxi Xabier Fernandez, Athleticeko prentsa arduradunak, klubaren jardunaren inguruan euskararen erabilerari buruz hitzaldia eskaini du Bilboko Bizkaia Aretoan eta @athletic_eus kontua jarraitzaile gehien dituen euskarazko Twitter kontua dela nabarmendu du.

@manexaltuna|BILBO|12/07/2018 07:20
Jabotxa-fernandez
Jabotxa Fernandez, Athleticeko prentsa arduraduna, gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Jendaurrean euskararen erabilera indartzeko asmoarekin udako ikastaro bat antolatu dute EHUn. Goizeko lehen hitzaldian Patxi Xabier Fernandez, Athleticeko prentsa arduraduna, izan da Bilboko Abandoibarran dagoen Bizkaia Aretoan.

Euskararen erabileraren inguruan Athleticen izan den bilakaeraz mintzatu da eta historikoki euskararekiko ez dela «begirunerik» egon aipatu du. Azken 20 urteetan ordea, jauzi kualitatiboa gertatu dela nabarmendu du bai barne komunikazioan zein kanpora begirakoan. Patxi Xabier Fernandezek azaldu duenez, barrura begira gero eta euskaldun gehiago daude Athleticen eta lan kontratazioak egiterakoan kontuan izaten dute. Oraindik hobetu beharra dutela onartu arren, batez ere dendetan, Ibaiganen eta San Mameseko harreretan euskara bermatuta dagoela ziurtatu du.

Agerraldiak ere izan ditu hizpide eta lehen hitza beti euskaraz egiten dutela esan du, protagonistetako bat euskalduna bada behintzat. Europako txapelketetan ere, atzerrian egiten dituzten agerraldietan, euskaraz adierazpenak egiten dituztela arazo barik aipatu du eta UEFAk ez duela inolako eragozpenik jarri.

Honen inguruan, datu esanguratsua eman du Athleticeko prentsa arduradunak. Eduardo Berizzoren aginduetara denboraldi-aurrea hasi berri duten 34 jokalarietatik 20k euskaraz ikasi dute edo maila bat dute, 4k ezagutzen dute eta 10 jokalarik ez dakite.

Hala ere, euskararen erabilerari dagokionez errealitatea beste bat dela esan du eta hausnarketarako galdera bat planteatu du hezkuntza sistemaren inguruan. Esan duenez, izenik aipatu gabe, azken urteetan lehen taldera iritsi diren jokalari gazte batzuek, nahiz eta euskaraz ikasi dutela esan, ez dute beren burua gai ikusten agerraldi bat egiteko.

Emakumezkoen lehen taldearen inguruan galdetuta, neska euskaldunak gehiago direla eta euskara gehiago erabiltzen dutela esan du.

Jarraitzaile gehien sare sozialetan

Komunikazioaren arloan baliabide edo tresna berriak agertu izana azpimarratu du eta sare sozialak izan ditu hizpide. Nabarmendu duenez, @Athletic_eus Twitter kontua jarraitzaile gehien dituen euskarazko kontua da, «tamalez». 62.500 jarraitzaile ditu Athleticen euskarazko Twitter kontuak, ‘Berria’ egunkaria izango litzateke bigarrena, 62.400 jarraitzailerekin.

EHUko irakaslea den eta ikastaroa zuzentzen duen Eduardo Apodakak azaldu duenez, beste hizkuntza eta herrialdeetan egoera berbera errepikatzen da eta kirolari edo musikariak izaten dira sare sozialetan jarraitzaile gehien izaten dituztenak.

Patxi Xabier Fernandezek adierazi duenez, Athleticek lau kontu ofizial ditu lau hizkuntza ezberdinetan –euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez–. Konparaketa bat eginez gero aldea nabarmena da, Athleticen gaztelaniazko kontuak ia 800.000 jarraitzaile baititu.

NOTICIAS RELACIONADAS