NAIZ

Konpartsek «Orain Presoak» dinamikarekin bat egin dute

Bilboko Konpartsak federazioak nabarmendu duenez, «ez gara inguratzen gaituen errealitatetik kanpo bizitzen ari» eta «horregatik, beste eremu eta aldarrikapen aurrean egiten dugun bezala, gizarte justuago baten eraikuntzan, ‘Orain Presoak’ dinamikarekin bat egitea erabaki dugu»

Bilboko Konpartsak federazioaren agerraldia presoen etxeratzearen aldeko dinamikarekin bat eginez.
Bilboko Konpartsak federazioaren agerraldia presoen etxeratzearen aldeko dinamikarekin bat eginez.

Bilboko Konpartsak federazioak bat egin du ‘Orain Presoak’ herri dinamikarekin eta agerraldia egin dute sostengua adierazteko. Prentsa oharrean nabarmendu dutenez, «Aste Nagusia gainean daukagu, berton, Bilboko Konpartsak, urtean garatzen dugun jardun eta egitarauen puntu gorena izaten da. Bilboko jaiak, herri honen parte bezala ulertzen ditugulako, Konpartsak ez gara inguratzen gaituen errealitatetik kanpo bizitzen ari, horregatik, beste eremu eta aldarrikapen aurrean egiten dugun bezala, gizarte justuago baten eraikuntzan, ORAIN PRESOAK dinamikarekin bat egitea erabaki dugu».

Ildo horretan, urriaren 20an, Bilboko kaleetan burutuko den mobilizazioan parte hartzera dei egin dute.

Bilboko Konpartsak emandako atxikimenduarekin Orain Presoak dinamikak biltzen dituen lau aldarrikapen nagusiekin bat egiten dutela gogoratu dute: Presoen urruntzearekin amaitzea «asteburu oro ehunka senide eta lagunak, ehunka kilometro egitera behartzen» dituelako; larriki gaixo dauden presoak behar bezala artatzeko eskubidea dutela; Europako legedial dioen moduan, bi estatuko zigorren batuketaren aplikazioa; eta azkenik, «lehen graduen aldaketa» euskal presoek, lehen graduan betetzen baitute zigorraren %100a, «eta hori legearen kontra doa».