NAIZ

Marijaiak agur esan dio Aste Nagusiaren 40. edizioari

Marijaia erraustuta amaitu da igande gauean Aste Nagusiaren 40. edizioa. Bederatzi jaiegun igaro ostean, ‘Agur, Marijaia’ kantaren soinuarekin batera, jaien irudia den emakumea sugarren artean desegin da datorren urterarte.

Marijaiaren agurra. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Marijaiaren agurra. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bilbok agur esan dio Aste Nagusiaren 40. edizioari Marijaiaren ohiko errausketarekin, eta zantzu guztien arabera, aurtengoa, orain arte antolatutako edizio guztien arteko jendetsuenetakoa izan da.

Jai giroa eta elkartasun giroa uztartuz igarotako bederatzi egunen ondoren, Marijaiak aurtengo azken misioa bete du Zorion Egileor pregoilariarekin eta Saioa Dominguez txupinerarekin batera, azken hauek emozioari eutsi ezinik zenbait unetan. Azken agur ekitladian izan dira Juan Mari Aburto Alkatea, Itziar Urtasun Jaietako Zinegotzia, Zorion Egileor pregoilaria, Saioa Dominguez txupinera eta jai-Batzorde Mistoko nahiz Udal Korporazioko hainbat kide.

«Tomatera» ontziaren gainean, Marijaiak Itsasadarra zeharkatu du Mesedetako zubitik Udaletxeko zubiraino, Deustu Arraun Taldeko hogeita hamar bat neska mutilek atoian eramanda. Bertan, txosnak isilik eta erabateko iluntasunean, eta Zorion Egileor pregoilariak emandako mezu hunkigarriaren ondoren, Marijaiaren errausketak gogoratu die bertan bildutako milaka pertsonei Aste Nagusiaren hurrengo edizioa prestatzen hasteko unea iritsi dela, eta urtebete barru, Marijaia munduko jairik herrikoi eta partehartzaileenetako baten erabateko erregina bihurtuko dela dela ondoz ondoko 41. aldiz.