NAIZ

Bilbo eta Bizkaia Europak ezarritako birziklapen eskaeratik urrun daudela dio EH Bilduk

EH Bilduk agerraldi batean salatu duenez, Bilbo eta Bizkaiko erakunde nagusiak kudeatzen dituen EAJk errausketaren alde egin du «hondakinen gutxitzea, berrerabilpena eta birziklapena» sustatu beharrean.

Ibaibarriaga eta Lopategi orain dela hilabete batzuk egindako agerraldi batean. (@ehbildubilbo)
Ibaibarriaga eta Lopategi orain dela hilabete batzuk egindako agerraldi batean. (@ehbildubilbo)

Hondakinen Balorizazio Energetikorako Planten Europako Kongresuaren harira, errausketaren alde egiten dela Bizkaian eta Bilbon salatu du EH Bilduk.

«Bilbo eta Bizkaia ez dira eredu birziklapenaren arloan eta datuak agerian uzten dute urrun gaudela Europak ezarritako eskaeretatik. Oraingo ereduari eutsiz gero oso zaila izango da Europak eskatutakoa betetzea», azpimarratu du David Lopategi EH Bilduko batzarkideak.

Lopategiren ustez, egoera horrek lotura zuzena dauka EAJk errausketaren alde egindako apustuarekin. «EAJko arduradun instituzionalek Europako errausketaren lobbyari Bilbon egindako harrerak erakusten du ez dagoela inolako asmorik hondakinen eredu jasangarri baten alde egiteko, nahiz eta 2020rako, Bizkaian, Europako eskaerei erantzungo dien hondakinen kudeaketarako plan bat prest izan behar dugun».

EH Bilduk salatu duenez, Zabalgarbi da helburu horiek lortzeko oztopo nagusietako bat Bizkaian eta Bilbon, «non birziklapen tasa %32koa baino ez den», gogoratu du Aitziber Ibaibarriaga Bilboko zinegotziak.

Gaineratu dutenez, orain dela hamarkada bat abian jarritako azpiegitura «ez da sozialki, ekonomikoki eta ingurugiroaren ikuspuntutik errentagarria».

«Herritarrei eskatzen diegu hondakinak banatzea eta gero, gehiena, Zabalgarbiko labeetara doa. Ekonomikoki iruzur bat da, energia berriztagarrietarako dirua jaso arren bere efizientzia energetikoa oso baxua da; azkenik, ingurugiroaren ikuspuntutik errauskailu batek ez du laguntzen berotze efektua gelditzen», kritikatu du Ibaibarriagak.

Ildo horretan, EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari eta Bilboko Udalari eskatu die argitu ditzatela Zabalgarbiren inguruan dauden zalantzak. «Zero Zabor bezalako plataformek salatu dute Zabalgarbik, Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren laguntzarekin, araudi autonomikoa, estatala eta europearra ez dituela betetzen errauskailuak sortutako hondakinak aztertzerakoan Gaiker kontratatzeagatik», azaldu dute.