NAIZ

MTV sarien inguruko ekitaldietan lan baldintza duinak bermatzea eskatu du EH Bilduk

Lan baldintza duinak bermatzearekin batera, hurbileko hornitzaileak kontratatzea eta euskara erabiltzea eskatu du EH Bilduk Durango, Getxo, Barakaldo eta Bilboko udaletan aurkeztuko dituen proposamenentan.

MTV Music Week.
MTV Music Week.

MTV sari banaketa galaren harira, EH Bilduk horren inguruan lan egingo duten pertsonen lan- baldintza duinak bermatzea eskatu du.

Ildo horretan, langileei hurbileneko lan-hitzarmena aplikatzea baldintza duinak bermatzeko eta erakundeen arteko jarraipen mahai bat osatzea eskatu du. Mahai horretan alderdi politikoak eta sindikatuak egongo lirateke.

EH Bilduren ustez, MTV bezalako ekitaldiak onak izan daitezke «etekina gizarte osoari helduz gero». Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du egiten diren kontratazioak hurbileko hornitzaileekin egitea, bertako ekonomiaren mesedetan.

Aldi berean, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu sari banaketaren inguruan egingo diren ekitaldietan euskal kulturaren presentzia bermatzeko. Koalizioaren ustez, ekitaldiak izan dezakeen oihartzuna dela eta, aukera on bat da gure kultura ezagutzera emateko.

Esaterako, azaroaren 3an San Mamesen egingo diren kontzertuetan euskal musikariak egotea eskatu du eta, MTV sarien galaren inguruko ekitaldi guztietan euskararen presentzia bermatzea exijituko da.

Horrez gain, EH Bilduk eraso sexistarik gabeko gune bat abian jartzeko kanpaina bat egitea eskatu du. Kanpaina hori ekitaldiak egiten diren gune ezberdinetan eta, bereziki, azaroaren 3ko kontzertuan egin beharko da.

Gardentasuna

Antolatzen diren ekitaldi guztietan kudeaketaren gardentasuna exijituko du EH Bilduk. Ekitaldiaren ondoren egiten diren kalkuluak argiak izan behar dira nabarmendu dutenez eta gizarteak jakin behar du zer nolako kostua izan duen ekitaldiak eta zer izan da trukean jaso duguna.