NAIZ

Eraginek manifestazioa deitu du azaroaren 23an, gazte prekarietate eta esplotazioaren kontra

Eraginek (Bilboko Gazte Prekarioen Asanblada) azaroaren 23an 21.00etan Plaza Zirkularretik egingo duen gazte prekarietate eta esplotazioaren kontrako manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Eragin elkarteak emandako agerraldiaren une bat.
Eragin elkarteak emandako agerraldiaren une bat.

Manifestazioa deitzeko egin duten prentsaurrekoan, aurtengo udaberriko mobilizazioen arrakasta gogoratu dute, eta bereziki pentsionisten eta mugimendu feministaren mobilizazioak azpimarratu dituzte. Horren harira «kaleko pultsua berreskuratzeko balio behar duen urtea» izan behar dela adierazi dute.

Eraginek, krisia hasi zenetik gizarteak lan politiken eta enpresarien aldetik «etengabeko lotsagabekeria» pairatu duela salatu du. Plataformak dioenez, azken hamar urteetan enpresek gazteon soldatak %20,5 murriztu dituzte «administrazioak enplegua sustatzeko aitzakipean enpresariei dirua oparitzen duten bitartean». Aldi berean, Eraginen arabera, EAEko %10 aberatsenek beraien aberastasuna %10,6 handitu dute.

Bestalde, aurreko guztiari «prezioen igoera ekarri duen etxebizitza burbuilaren itzulera» gehitu behar zaiola adierazi du. Asanbladak eman dituen datuen arabera bataz besteko alokairua 955 eurotan kokatu da, gazteon bataz besteko soldata 855 eurokoa dela bitartean.

«Ezin dugu utzi enpresariak gure lanaz etengabe aberasten jarraitu daitezen, beraren gurasoak baino txarrago biziko den lehen belaunaldia izango garela onartuz», aldarrikatu du Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladak.

Azkenik, Eraginek azaroaren 23an Plaza Zirkularretik deitu duen manifestaziora batzeko deia egin die eragile eta gazte mugimendu ezberdin zein mugimendu politiko ezberdinei.