@asierrobles

Ibai Gomez: «Ohorea eta plazera da etxera itzultzea»

Ibai Gomez oso pozik agertu da San Mamesen eta Athleticera itzultzea «bihotzarekin» hartutako erabaki bat izan dela nabarmendu du. Aitor Elizegi presidentea eta Rafa Alkorta, kirol zuzendaria, izan ditu alboan aurkezpenean.

Presentación de Ibai en San Mamés con Alkorta y Elizegi. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Presentación de Ibai en San Mamés con Alkorta y Elizegi. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Goizeko lehen ordutan antolatu du Athleticek Ibai Gomezen aurkezpena San Mamesen. Santutxuko jokalariak oso pozik dagoela etxera itzultzearekin nabarmendu du agerraldian eta Rafa Alkorta, kirol zuzendaria, eta Aitor Elizegi, presidentea, izan ditu alboan.

Erabakia hartzeko «faktore asko» hartu zituela kontuan aitortu du Ibai Gomezek. Baina beste talde batzuekin ere hitz egin zuen arren, Athleticek deitu zionean aukera guztiak «mahaigaineratu» zituen eta ez zuela «zalantzarik izan» azaldu du.

Emango duen mailari buruz, orain esaten duenak ez duela «baliorik» esan du, eta gauzak «zelaian erakustea» dela bere egin beharra azpimarratu du.

Ibai Gomez, taldearen egoerari buruz hitz egiterakoan, baikor agertu da: «Azken hilabetean taldeak asko hobetu du, gauzak horrela jarraituz gero emaitza onak iritsiko dira». «Egoera honekin beldurtuko banintz, ez nintzateke etorriko»; gaineratu du.

Horren harira, iaz Alavesen antzeko egoera bat bizi izan zuela gogoratu du, eta azkenean gauzak «ondo» atera zirela.

Jokalari bilbotarrak Sevillaren aurkako ligako hurrengo partidua «oso zaila» izango dela aitortu du, baina «hiru puntuak lortzeko gai» izango» direla adierazi du. «Gugan konfiantza izatea ezinbestekoa da», esan du.

Halaber, «beste jokalari bat dela» esan du. «Hazi egin naiz, eta Alavesen jasotako esperientziari garrantzi handia ematen diot», azaldu du.

Aitor Elizegik, Athleticeko presidenteak, «etxeko jokalari batekin urtea hastearen garrantzia» nabarmendu du, eta jokalariaren «konpromisoa» eskertu du. «Momentu honetan agian Gasteizen jokatzea errazagoa zen. Beste jokalari batzuk, agian, itxaron egingo zuten», esan du.

Beste fitxaketa batzuei buruz ez du ezer berririk aurreratu, merkatuan «mugimendurik» ez dagoela adierazi du, «eguneroko lana baizik». Esparru honetan, talde oso baten lana nabarmendu du eta erabakiak hartzea Alkorta, Andoni Aiarza eta lehen taldeko entrenatzaileak diren Garitano eta Ferreirari dagokiela argitu du. «Denok gaude pentsatzen zer behar den lehen taldean, Lezaman edo emakumezkoen taldean, eta horrela jarraituko dugu. Erabakiak ez dira nireak soilik», azaldu du.

Rafa Alkortak, Athleticeko kirol zuzendariak berriz, «egun garrantzitsua» dela adierazi du, taldeak «jokalari on bat» gehitu duelako. «Kiro arloan Ibai Gomezek asko emango dio taldeari. Etxean eroso sentiarazi eta eskerrak eman nahi dizkiogu eman duen urratsagatik», nabarmendu du.