@asierrobles

Bilboko auzoetako jaiak, zailtasun guztien gainetik

Duela aste batzuk San Inazio auzoko jai batzordeak, parte hartze falta zela eta, aurten auzoan inauteriak ez egoteko arriskua zegoela adierazi zuen, eta egoera ez aldatzekotan jaiak ere arriskuan zeudela. Parte hartzea arazoa da auzo batzuetan, baina kasu gehienetan baliabide ekonomikoen urritasunagatik edo Bilboko Udalak jartzen dituen zailtasunetatik datoz arazo gehienak.

2017ko Errekaldeko jaiak. (Monika DEL VALLE/FOKU).
2017ko Errekaldeko jaiak. (Monika DEL VALLE/FOKU).

San Inazioko jai batzordeak, aurten inauteririk ez egoteko arriskua zegoela jakinarazi zuen urte hasieran zabaldutako ohar baten bidez. «Azken urte hauetan pertsona gutxi batzuek lan zama handia hartu dute jaiak, inauteriak eta bestelako jarduerak aurrera eramateko, honek desgaste asko suposatuz. Beraz jai batzordearen kide eta laguntzaile falta dela eta, inauteriak ez antolatzea erabaki dugu», azaltzen zuten.

Auzoko jai batzordeko kideek argitu digutenez, azken urteetan «denbora eta pisu asko» zeukaten konpartsak joan dira, eta, ondorioz, «aldaketa garrantzitsua» bizi izan dute. Belaunaldi aldaketa prozesuan daude orain, eta jai batzordean sartzeko auzokide gehiagoren bila ari dira: «jende berria sartzea da gure helburua, jaiak aurrera atera ahal izateko eta herrikoiagoak bihurtzeko».

Parte hartzea da gaur egun San Inazioko jai batzordeak duen arazo nagusia. Baina badaude arazo edo zailtasun gehiago, hiriko beste auzoko jai batzordeek ere dituztenak. Azpiegitura eta diru falta dira beste arazo horietako batzuk.

1.500 euroko diru laguntza auzo bakoitzari

Bilboko Udalak auzo bakoitzari jaiak antolatzeko 1.500 euroko laguntza eskaintzen dio. Diru laguntza hau jasotzeko, Bilboko logoa jaietako programa eta karteletan jartzeaz gain, batzordeek aurrekontu eta memoria bat aurkeztu behar diote Udalari. Hala ere, diru hori «urteak pasata» heltzen dela dio Nereak, Auzotarrok Bilboko auzoetako jai batzordeen koordinakundeko kideak.

Diru hori ‘fiestas patronales’ deritzoten jaietarako da soilik. Auzotarroketik diotenez, Olentzero, inauteriak edo sanjuanak adibidez, auzoko jaietatik ateratako diruarekin antolatzen dituzte.

1.500 euroko kantitate hori, jaiak antolatu ahal izateko aurrekontutik oso urrun dago: 35.000 euro inguru, bi asteburuko jaiak duten auzoentzako. «Diru horrek ez du ezta komunak alokatzeko ematen», dio Auzotarrokeko kide batek. Jai batzordeek hainbat gastuei egin behar diete aurre; ez bakarrik kontzertuak eta ekintzak antolatzeko, baizik eta azpiegitura arloan ere ia dena geratzen da haien esku: txosnak, eszenatokiak, karpa, argi sarea, ur sarea, komunak...

Izan ere, azpiegitura da jai batzordeen arazo nagusienetariko bat. Aurrekontuaren erdia baino gehiago azpiegiturarako bideratzen da. Nereak, Auzotarrokeko kideak, azaldu zigunez horretarako ez dute Udalaren laguntzarik jasotzen, «azpiegitura guztia guk kudeatu behar dugu». Horregatik, azken urteetan Auzotarroketik behar den materiala erosten saiatu dira, auzoko jaietan erabili ahal izateko eta «urteroko alokairuak suposatzen duen gastua saihesteko».

Bestalde, jai batzordeek beste arazo bat identifikatzen dute Udalari baimenak eskatzeko orduan dituzten zailtasunetan. Edozein baimen eskatzeko «mila traba» dituztela dio Nereak «hamaika paper aurkeztu behar ditugu eta batzuk ez dute ezertarako balio».

«Batzuetan ez gaituzte erantzuten bez, edo erantzuna asko luzatzen da. Kasu honetan jariakortasuna hobetu beharko litzateke», dio Urtzik, Deustuko jai batzordeko kideak. Nereak dioenez, Auzotarroketik «urte asko» daramate Udalari harreman zuzen bat eskatzen, baina gaur egun elkarrekiko harremana «hutsa da».

Materiala gordetzeko espazio falta beste arazoetako bat da hainbat auzoetan. «Ezin dugu ezer erosi ez dugulako mahaiak, aulkiak edo Olentzeroa gordetzeko tokirik, urtez urte alokatu behar ditugu gauza asko», diote San Inazioko jai batzordeko kideek.

Laguntzak ekitaldi handientzat

Diruari dagokionez, jai batzordeek gastuei urtean zehar eta, bereziki, auzoko jaietan antolatzen dituzten gauzekin egiten diete aurre. Txosnetatik eta barraketatik ateratzen den dirua edota boletoak saltzetik ateratzen dena dira diru-iturri nagusietako batzuk. Bestalde, auzoko komertzioek jai programetan agertzeagatik emandako dirua iturri oso garrantzitsua da ere. Auzo batzuek gainera Aste Nagusian ere jartzen dute txosna.

Udalak auzoko jaiei eta makroekitaldiei eskaintzen dion tratuan alde handia dago. Auzo guztiei 1.500 euro emanda (batzuek ez dute diru hori jasotzen), guztira ez litzateke 50.000 eurora helduko. Makroekitaldietan aldiz, zifrak ez dauka zer ikusirik. BBK Live-erako diru laguntza 1,4 milioikoa da, eta 2018ko MTV-EMA sarientzako 3 milioikoa izan zen (Bizkaiko Aldundiarekin batera).

«Konparaketa gorrotagarria da, argi uzten du zeintzuk diren Udalaren interesak», dio San Inazioko jai batzordeko kide batek. «Last Tour-erako Bilbo Zaharreko plaza zeharkatzen duen errepidea mozten dute, jaietan aldiz ez diete horretarako baimena ematen», gaineratzen du Nereak. «Argi daukagu zein den Bilboko Udalaren jai eredua, diruarengatik edozer gauza egiteko prest daude», diote Auzotarrok koordinakundetik.

2000tik, 22 jai batzorde

Auzotarrok, Bilboko auzoetako jai batzordeen koordinakundea da. 2000an jaio zen, zenbait jai batzordeen artean emandako eztabaidaren ondorioz, eta «guztiek dituzten arazoei erantzun bateratua eta koordinatua emateko» helburuarekin. Ia hogei urteko ibilbidearen ondoren, gaur egun, 22 jai batzordeek osatzen dute Auzotarrok.

Zailtasunak zailtasun, auzoetako jai batzordeek jaiak, inauteriak eta bestelakoak antolatzea lortzen dute urtez urte. «Jai herrikoi, parekide eta parte hartzaileak» sustatuz, «auzotik eta auzoarentzat eginak». Aurten, eztabaida sakona egin nahi dute Auzotarroken, auzoetako jaiak hobetzeko helburuarekin.