NAIZ

Supersur handitzearen kontra egingo den manifestaziorekin bat egin du LABek

LAB sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, Bilboko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen (Supersur bezala ezagunagoa) bigarren fasearen eraikuntzak «logika sozial, ekonomiko eta ekologikorik ez duen proiektua da» eta «ikuspegi guztietatik ikusita, gelditu beharreko proiektua da».

LAB sindikatutik nabarmendu dutenez, Supersur autopistak «ez ditu erabilera aurreikuspenak inondik inora bete, eta gainera, estatuko errepiderik garestienetakoa izan da». «Horrek argi uzten du hasieratik ez duela zentzurik izan» eta bigarren fasearen eraikuntza, «zulo horretan sakontzea» izango litzatekeela uste dute.

Bestalde, Bolintxu aranaren kontra egingo litzatekeen «sarraskia» aipatu du: «Bolintxuko gunea babestu beharreko inguru gisa definituta dago, bertan dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik. Supersur-aren bigarren fasea eraikiz gero, bertan izango diren inpaktuak nabarmenak izango dira».

Beraz, Supersur handitzearen proiektua bertan behera uztea eskatu du LABek eta Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasunaren inguruan duen politikak «planifikazio erreal eta sostengarririk» ez duela salatu du. «Azpiegitura politika adjudikazio eta kontratazio esparru bezala ulertzen dute eta ez herritarron mesedetara egongo den eredu bat eraikitzeko tresna bezala», gaineratu du.

Horregatik, LABek 26an Bilbon Supersurraren handitzearen kontra egingo den manifestaziorekin bat egin du. Manifestazioa Arriaga plazatik aterako da 18.00etan, eta Bilboko Udaletxean amaituko da.