@asierrobles

Unai Mendiburuk irabazi du 2019ko Bertso Erronda

Unai Mendiburuk 2019ko Bertso Erronda irabazi du. Beldurrezko apainketa batekin girotuta, Mendiburu beste zortzi bertsolarirekin batera aritu zen 7katu gaztetxean ostegun iluntzean ospaturiko finalean.

Unai Mendiburu, 2019ko Bertso Errondako irabazlea. (@asierrobles)
Unai Mendiburu, 2019ko Bertso Errondako irabazlea. (@asierrobles)

Urtarrilaren 29an hasi zen Bertso Errondako hirugarren edizioa. 24 bertsolarik hartu dute parte eta Bilboko Alde Zaharrean dagoen Erronda kaleko taberna ezberdinetan (Adaxka, Errondabide, La Villa eta Bira) lau kanporaketa egin ondoren, hamar bertsolari heldu ziren  7katu gaztetxean egin zen finalera. Hala ere, Ane Peñagarikanok ezin izan zuen parte hartu.

Ander Anakabe, Paule Loizaga, Urko Arregi, Aissa Intxausti, Kerman Diaz, Unai Mendiburu, Asier Alcedo, Iraitz Mateo eta Ander Ucelay izan ziren finalean lehiatu ziren bertsolariak.

19.30ak pasata zabaldu ziren 7katuko ateak, eta minutu gutxitan gaztetxea gaztez gainezka zegoen. Antolatzaileek beldurrezko giro bat eman zioten finalari. Oholtza dekorazio gotikoz apaindu zuten, eta bederatzi finalistak zein bi aurkezleak mozorrotuta agertu ziren. Lehiaketa hasi baino lehen, binaka, bertsolariek agur umoretsuak bota zituzten kanta ezagunak moldatuz.

Finaleko lehen ariketa, hitz jakin batzuk (eta, bai, baina eta ez) esan barik bertsoak botatzea izan zen, eta huts egiten zuena finaletik kanpo geratzen zen. Hurrengo kanporaketetan ‘ofizioak’ eta ‘nor da nor’ ariketak egin eta gero, Unai Mendiburuk Ander Anakabe garaitu zuen azken buruz burukoan.

Aurtengoa, Bertso Erorndako hirugarren edizioa izan da. Lehenengoan Mendiburuk irabazi zuen ere, eta pasa den urtean Urko Arregi izan zen garailea.