Asier ROBLES

Eurokopa Bilbon jokatzearen aurkako dinamika aukeztu dute

«Eurokopa honi ez!» dinamikak 2020ko futbol Eurokopa Bilbon jokatzearen kontra agertzeko dituen arrazoiak azaldu ditu.

‘Eurokopa honi ez’ dinamikaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
‘Eurokopa honi ez’ dinamikaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

‘Eurokopa honi ez’ dinamikaren aurkezpena egin dute San Mamesen eta prentsaurreko baten bitartez, 2020ko futboleko Eurokopa Bilbon jokatzearen kontrako arrazoiak azaldu dituzte.

2020ko Europako Futbol txapelketa, kontinenteko 12 estatu desberdinetako 12 hiritan jokatuko da ekainaren 12tik uztailaren 12ra. Espainiako futbol federazioak bere proposamena egin ondoren, UEFAk San Mames aukeratu zuen Eurokopako E taldearen egoitzetako bat izateko Dublineko Aviva Stadium-ekin batera, baita final zortzirenetako partida bat jokatzeko ere.

Horrenbestez, eta sailkapen fasean deskalabru handirik ez badu egiten behintzat, espainiar Estatuko selekzioak San Mamesen jokatuko ditu behintzat bi partida 53 urte geroago.

Horren aurrean, Eurokopa «ez Bilbon, ez Eukal Herriko beste edozein hiritan» ez duela nahi adierazi zuen ‘Eurokopa honi ez’ plataformak, eta hainbat arrazoi aurkeztu zituen jarrera hori argudiatzeko.

Euskal Selekzioaren ofizialtasunik eza, autonomismoan sakontzen jarraitzea, saltzen den hiri eredua, langileen prekarizazioa (bereziki emakumeena) edota espazio publikoaren merkantilizazioa dira aipatutako zenbait.

Ekintza zehatzik ez dute aurreratu baina hurrengo agerraldietan azalduko dituztela esan dute.