NAIZ

Bilbok bere urtemuga ospatuko du Gau Zuriaren hogeigarren edizioarekin

Bilbok bere urtemuga ospatuko du Gau Zuriaren baitan programatu diren 30 ekitaldi baino gehiagorekin. Argi eta soinu ikuskizunak, bideojoko interaktiboak, antzerkia, musika, magia eta dantza urbanoko ekitaldiak egongo dira.

Gau Zuriaren aurkezpena. (BILBOKO UDALA).
Gau Zuriaren aurkezpena. (BILBOKO UDALA).

Bilbao 700-III Millenium Fundazioak 30 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu ekainaren 14an eta 15ean, Bilboren sorreraren urtemuga ospatzeko Gau Zuria programaren baitan.

Bilbao 700-III Millenium Fundazioko zuzendari Miren Josune Ariztondok nabarmendu duenez, Gau Zuriak «elkarrekin uztartzen ditu abangoardia, parte-hartzea eta sostengarritasuna». Azaldu duenez, ekitaldiak Bilboko espazio publiko eta pribatuetan egingo dira «kale, museo, eraikin eta azpiegitura ezagunetan eskainiko diren ekimen artistiko orijinalek ikuskizun harrigarria bihurtuko dute eguneroko errealitatea».

«Bilbo gauez irekiko da (ekainaren 14 eta 15ean) eta argiz jantziko da, aukera emanez hiri-eszenatoki berriak deskubritzeko, tokiko artistak sustatuz eta herri-ikuskizun eta puntako ikus-entzunezko teknologia mordo bat eskainiz herritar guztien gozamenerako», iragarri du Ariztondok.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Gau Zuriaren bi jardunaldietan ikusleek, besteak beste, gizaki itxurako figura erraldoiak ikusiko dituzte Euskalduna Jauregiko teilatuan, antzerki pilulak dastatu ahal izango dituzte Casilda Iturrizar parkeko pergolan, Bilboko Udaletxea baso animatu bihurtzen ikusiko dute eta Arriaga antzokiko bideo mapping-az gozatu ahal izango dute.

Gau Zuriaren hasiera-ordua ezberdina izango da gozatu nahi den emanaldi motaren arabera. Argiztapenak, adibidez, gaueko 22.30ean hasi eta goizeko 02.00etan bukatuko dira. Ikuskizunek, berriz, ordutegi ezberdina izango dute emanaldien arabera.

Gainera, lehen aldiz bisitatu ahal izango da egunez ere Gau Zuriaren zirkuituko instalazio bat. Arboria izenekoa, hain zuzen, Casilda Iturrizar parkean jarriko dena. Hauxe izango da ordutegia: ekainaren 14an arratsaldeko 18.00etatik goizaldeko 2.00etara eta ekainaren 15ean goizeko 11.00etatik eguerdiko 14.00etara eta arratsaldeko 18.00etatik goizaldeko 2.00etara.