NAIZ

Bilboko hiri eredua eta gazteen prekarizazioaren kontra ekainaren 13an eta 14ean

Gaur egungo Bilboko hiri eredua eta gazteen prekarizazioa salatzeko bi eguneko egitaraua antolatu du Ernaik Bizkaiko hiriburuko hainbat gazte mugimenduko eragileekin batera ‘Bizitzak Biziarazi’ ekimenaren baitan. Ekainaren 13an eta 14ean Bilbok egitarau propioa izango du, eta 15ean Gasteizen martxa nazionala egingo da.

Bilbo gazteon neurrira ekimenaren egitaraua.
Bilbo gazteon neurrira ekimenaren egitaraua.

Ernai, Eragin, Bilboko sare feminista, Kaskagorri eta ikasle eta gazte mugimenduko beste eragile batzuek Bilboko gaur egungo hiri eredua eta gazteen lan prekarizazioa salatzeko egitaraua antolatu dute ekainak 13 eta 14rako. 15ean aldiz, Gasteizen egingo den martxa nazionalera joateko deia egin dute.

Euskal Herriko hainbat lekutan antolatu dira horrelako egitarauak. Bilbon, Ernaik iragarri duenez, «Aburtoren hiri eredua eta kapitalaren arteko loturak gazteongan sortzen duen prekarietatea» salatuko dute, ‘Bilbo gazteon neurrira’ lelopean. Ekainaren 13an Ksk&Roll ekimena egongo da Bilbo Zaharreko Plazan, arratsaldeko 19.19etan.

Ekainaren 14an berriz, egun osoko egitaraua egongo da: 11.11etan agitazio tailerra, 13.13an gurpildun martxa, 15.15etan bazkaria, 16.16etan bazkaloste akustikoa eta azkenik, 18.02etan gazte prekarioen martxa udaletxera iritsiko da. Ekainaren 15ean, larunbata, Gasteizen egingo da martxa nazionala, eta Bilbotik 10.30etan aterako dira autobusak.

Bilboko Ernaik, ohar baten bidez salatu duenez, «oldarraldi neoliberalak ez du etenik», eta horrenbestez, «gazteen emantzipazioa amets baino ametsgaizto bihurtu da, lan prekarizatuak egungo ogi bilakatuz». Baina horren aurrean, gazteok «antolakuntza eta borrokarekin» erantzungo dutela adierazi dute, eta hainbat eragile aurrera eramaten ari diren borrokak gogoratu dituzte: «Gaztetxe eta gazte asanbladak autogestioa landuz, Eragin apustu etxeen kontra borrokatuz eta klase kontzientzia pizten, Ikasleok Zorrotz ikasle problematikari erantzuten...»

«Beldurrik gabe diogu, badakigu nor den erruduna eta ozen diogu Aburto kapitala aliantza kriminala. Baina badakigu baita zer nahi dugun, gazteon neurrira eraikiko dugun Bilbo bat nahi dugu. Eta horretarako prekarietatearen kontra borrokatuko den gazte fronte baten beharra dugu, gazteon bizitzak biziaraziko dituena. Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean aurrera pausuak emango dituen gazte frontea», nabarmendu du Bilboko Ernaik.