Naiz
Bilbo

Ehunka pertsona txandakatu dira Arriagan Anjel Lertxundiren ‘Otto Pette’ irakurtzen

Bilbo Zaharra euskaltegiaren Klasikoen Irakurketa Jarraitua arrakastaz burutzen ari da hamabigarren edizioa. Irakurketa saioan 400 lagun inguruk hartuko dute parte guztira.

Publikoa adi-adi, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentearen irakurketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Publikoa adi-adi, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentearen irakurketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Literatur Klasikoen Irakurketa Jarraitua hamabigarren edizioa ospatzen ari da gaur. Goizeko 08.00etatik aurrera eta hamar orduz, ehunka lagun txandakatzen ari dira Arriaga Antzokian Anjel Lertxundiren ‘Otto Pette’ (1994) irakurtzen.

Anjel Lertxundik berak irakurri ditu liburuko lehenengo lerroak. Ondoren, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle Maite Salutregi, Andres Urrutia Euskaltzainburua eta Adolfo Arejita eta Erramun Osa euskaltzainak aritu dira. Goiztiarren artean, Itziar Laka hizkuntzalaria, Kepa Altonaga biologoa, Jorge Giménez Alberdaniako editorea, Inazio Mujika idazlea eta Mertxe Mujika eta Iñaki Urkijo AEK-ko kideak egon dira.

Egunean zehar, irakurtzen txandakatu dira Txani Rodríguez, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Toti Martinez de Lezea eta Lutxo Egia idazleak; Aitor Etxebarria, Natxo de Felipe eta Josi Gimenez (Doctor Deseo) musikariak; Asier Hormaza, Patxo Telleria eta Mikel Martínez aktoreak eta kazetari ugari: Goizalde Landabaso, Xabier Madariaga, Juanra Madariaga, Ramon Bustamante, Beñat Zarrabeitia, Ane Zabala, Galder Perez, Andoni Aizpuru, Iñaki Larrañaga, Ilaski Serrano, Juan Carlos Ibarra, Jabi Onandia edota Agus Perez kritikaria.

Bizkaiko Aldundiko, Bilboko Udaleko, EHUko, Athleticeko, Ikastolen Elkarteko, AEK-ko, Habeko eta Metro Bilbao erakundeetako ordezkari ugari ere izan dira Arriagan. Gainera, dozenaka ikasle, irakasle, euskaltzale, tabernari, erretiratu eta mota guztietako 400 lagun inguru pasa dira bertatik.

Tarteka, Erroman, Leipzigen, Valentzian, Txilen, Bogotan, Berlinen, Mexikon eta munduko beste zenbait Euskal Etxetan grabatutako irakurketaren pasarteak proiektatu dituzte.

Irakurraldia zuzenean jarraitu daiteke Arriaga Antzokoko kanpoaldean eta Alondegiko Kulturen Atarian kokatutako pantailetan, zein EiTBren webgunean.