Luis de Pabloren ‘Bilboren erortzea’, ekainaren 26an Arriagan

Udalak eskatuta tropa frankistek Bilbo hartu zutelaren 80. urteurrena gogoratzeko egin du obra Luis de Pablok. BOS Abesbatzak, Jose Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udalaren Musika Bandaren zuzendariak eta hainbat bakarlarik parte hartuko dute, Asier Polo bilbotarrak, besteak beste.

NAIZ|14/06/2019 12:05
Caidadebilbao
‘Bilboren erortzea’, Luis de Pablo konpositoreak egindako obra.

Luis de Pabloren konposizio hau «gerraren izugarrikerien kontrako musika-obra bat da, itxaropenaren aldeko oda bat, eta gerraren kontrako ezezko tinko-tinko bat»

Datorren ekainaren 26an, Arriaga Antzokian, Luis de Pabloren ‘Bilboren erortzea’ obraren estreinaldia eskainiko da. Konposizio hori Bilboko Udalak agindu zion, 2017an, bilbotar nazioarteko maisuari, 1937an hiria tropa frankisten esku erori zeneko 80. urteurrenean.

Udalal bidalitako oharrean nabarmentzen duenez, Luis de Pabloren konposizio hau «gerraren izugarrikerien kontrako musika-obra bat da, itxaropenaren aldeko oda bat, eta gerraren kontrako ezezko tinko-tinko bat».

Kantata hau orkestra, biolontxelo, bakarlari eta abesbatzarentzat da, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS), Bilboko abesbatzak, Asier Polo bilbotar txeloak, eta Miren Urbieta, Marife Nogales, Mikeldi Atxanlandabaso eta Fernando Latorre bakarlariek parte hartuko dute. Guztiak, José Rafael Pascual-Villaplana Bilboko Bandaren zuzendariaren gidaritzapean.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Arriaga Antzokiko lehiatiletan eta webgunean.

Emanaldia ekainaren 26an izango da, arratsaldeko 19.30etan, eta sarreren prezioak 8,50 euro eta 28 euro artekoak dira.