NAIZ

Erritmo eta kultur aniztasunaren agertokia izango da plaza Barria Aste Nagusian

Xabi Aburruzaga trikitilaria, Manu Chao-rekin aritutako Madjid Fahem gitarjolearen Flor del Fango talde paristarra, flamenko, reggae, swing edo Kubako erritmoak izango dira Aste Nagusian zehar plaza Barrian egingo diren zortzi kontzertuetan.

Plaza Barriko eszenatokia Aste Nagusian. (Bilboko Udala)
Plaza Barriko eszenatokia Aste Nagusian. (Bilboko Udala)

Bilboko plaza Barria kultur eta erritmo aniztasunaren topalekua izango da Aste Nagusian. Zortzi kontzertu antolatu ditu Udalak bertan abuztuaren 17tik 24ra.

Flor del Fango talde paristarra izango da abuztuaren 17an, larunbata, taula gainera igotzen lehena. Parisko 80ko hamarkadako eszena alternatiboko hainbat taldetatik etorritako musikariz osatuta dago. Mano Negra eta Manu Chao-rekin aritutako Madjid Fahem gitarjolea dago horien artean. 

Igandean, abuztuak 18, Los Que No Escarmientan talde kanariarra arituko da rock doinuak eta erritmo latinoak uztartuz. Caco Senantek berriz, Latinoamerikako kantu folklorikoak abestuko ditu.

Astelehenean, abuztuaren 19an, swing zaleen hitzordua izango da Sevillatik iritsiko den O´sister! taldearen eskutik. 

Asteartean, abuztuaren 20an, Tin´ Del Batey taldeak Kubako erritmoak ekarriko ditu. Eta asteazkenean, abuztuak 21, Linval Thompson & Strong Like Sampson Band taldea arituko da Bilbo Reggae Splash-en XXVIII. edizioaren barruan. Aste Nagusiko reggae-gaua izaten da. Aurtengo protagonista Linval Thompson izango da, Jamaikako eszenako ikono handia. Duela 10 urte Bilbon egon zen.

Ostegunean, abuztuak 22, Flamenco Joven izango dugu. Hurrengo egunean, ostirala, abuztuaren 23an, The Etta James Experience taldeak kontzertua eskainiko soul-aren eta rhythm & blues-aren artista handiaren omenez.

Aste Nagusiko gau hauei amaiera emateko, abuztuaren 24an, larunbata, Xabi Aburruzaga eta lagunak ikuskizuna izango dugu. Xabi Aburruzaga trikitilariak bere azken ikuskizuna aurkeztuko du, orain arte argitaratutako lau diskoak errepasatuz: Bizkaiko Trikitixa (2007), Denboraren Naufrago (2009), Geure (2013) y Keltik (2016).