Asier ROBLES

Athletic B-ko bost jokalarik hasiko dute aurre denboraldia lehen taldearekin ostiral honetan

Ostiral honetan, uztailak 19, Athleticeko emakumezkoen taldearen aurkezpena izango da Lezaman goizeko 10.15etatik aurrera. Athletic B taldeko Nerea Nevado, Oihane Valdezate, Naroa Uriarte, Leyre Monente eta Amaiur Sarriegi jokalariek lehen taldearekin egingo dute aurre denboraldia.

Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen 2018/2019 denboraldian. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen 2018/2019 denboraldian. (Monika DEL VALLE/FOKU).

Athleticeko emakumezkoen taldeak aurre denboraldiari ekingo dio. Ostiral honetan, uztailak 19, taldearen aurkezpen ofiziala izango da. Taldeko argazkia aterako dute 10.15etan Lezamako bigarren zelaian eta, ondoren, Angel Villacampa entrenatzaile berriak prentsaurrekoa eskainiko du 11.30etan.

Azken lau urteetan Athletic zuzentzen egon eta gero, Joseba Agirre ordezkatuko du aulkian Angel Villacampak. Atletico Madril taldearekin bi liga eta kopa bat irabazi zuen 2016 eta 2018 bitartean. Azken urtea Txinako federazioko sub-16 taldea zuzentzen izan da.

Hau ez da hurrengo denboraldirako berrikuntza bakarra izango. Duela aste batzuk Athleticek Andrea de la Nava atezainaren fitxaketa jakinarazi zuen. De la Navak lau denboraldi eman ditu EDF Logroño taldean, aurreko denboraldian Iberdrola ligan debuta egin zuelarik. Pauldarrak taldeko harrobian hazitako jokalariak orotara 30 partida jokatu ditu Logroñoko taldearekin, eta hamaikagarren postuan amaitu zuen azken denboraldian. Bi urterako akordioa sinatu du, eta aste honetatik aurrera, Angel Villacamparen aginduetara jarriko da zuri-gorrien atepeko lehia handituz.

Maria Zeberio, Ana Urzainqui 16 urteko erdilari nafarra eta Clara Pinedo eta Bibiane Schulze Solano jokalariak fitxatu ditu aurten ere Athleticek, baina, hasiera batean, laurak bigarren taldean arituko dira Iraia Iturregi entrenatzailearen aginduetara. Schulze Solanoren fitxaketak eztabaida piztu du zaleen artean, euskal jatorriko jokalari alemaniarrak 21 urte baititu eta ezta Euskal Herrian jaio ezta hezi.

Bestetik, talde zurigorriak ohar baten bidez adierazi duenez, Athletic B taldeko Nerea Nevado, Oihane Valdezate, Naroa Uriarte, Leyre Monente eta Amaiur Sarriegi jokalariek lehen taldearekin egingo dute aurredenboraldia uda honetan.

Aurre denboraldiko partiduak

Aurre denboraldiko partiduei dagokienez, abuztuaren 4an, igandea, Frantziako D1 Femenine ligan laugarren postuan sailkatu den Girondins Bourdeaux taldearen kontra jokatuko dute 18.00etan Bordeleko Matmut Atlantique zelaian.

Abuztuaren 8an, aldiz, Getxoko Fadurako zelaian izango dute lagunartekoa Association Sportive Jeunesse de Soyaux taldearen aurka arratsaldeko 19.00etan. Talde honek seigarren postuan amaitu zuen 2018/2019 denboraldiko Frantziako ligan.

Abuztuaren 18an, aurten bigarren mailara igo den Osasunaren aurka neurtuko dira, eta azkenik, Realaren aurka jokatuko dute Euskal Herria Kopa abuztuaren 24an.