NAIZ

«Jaietan ere, emakumeok libre» kanpaina aurkeztu du EH Bilduk

Kanpainaren aurkezpena Bilbon egin dute eta bertan izan dira Jasone Agirre, EH Bilduren legebiltzarkidea; Jone Goirizelaiak, Bilboko udaleko EH Bilduren bozeramalea; Bea Ilardia, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramalea; eta Idurre Bideguren, EH Bilduko senataria.

EH Bilduren ordezkariak kanpainaren aurkezpenean.
EH Bilduren ordezkariak kanpainaren aurkezpenean.

Euskal Herrian festa sasoian murgilduta gaudenez, «Jaietan ere, emakumeok libre» kanpaina aurkeztu du Bilbon EH Bilduk. Kanpainaren helburua «egiazko jai parekideak eraikitzea» dela azpimarratu dute.

Bea Ilardiak gogoratu duenez, «zoritxarrez, azken asteetan hainbat sexu eraso pairatu izan dituzte Euskal Herriko hainbat emakumek herri eta hiri ezberdinetan: Barakaldo, Bilbo, Beasain, Santurtzi, Hernani, Iruñea…». «Argi dago datuak ez direla onak, Euskal Autonomi Erkidegoan udako 3 hilabeteetan iaz 174 salaketa tarteratu ziren eta salatzen direnak eragiten dituzten erasoen gutxiengoa dela kontutan hartzen badugu, datuak jasanezinak dira», adierazi du.

Ildo horretan, «kontzientzia hartzea eta egiazko jai parekideak eraikitzea ezinbestekoa da, emakumeen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako edozein eraso saihesteko helburuarekin».

Protokoloa

EH Bilduko ordezkariek hainbat neurri proposatu dituzte. Horien artean, Goirizelaiak adierazi duenez, herri eta hiri guztiek izan behar dute emakume elkarte eta mugimendu feministako kide eta berdintasun teknikariekin batera koordinatutako jaietarako indarkeria matxistaren kontrako protokoloa. Gainera, bere esanetan, protokolo horretan garrantzitsua da, besteak beste, txosna eta gazte mugimendua atxikitzea.

Jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak antolatzea, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak martxan jartzea eta jaietako egitarauaren eta ekintzen inguruko erabaki espazio guztietan parekidetasuna bilatzea dira EH Bilduko ordezkariek proposatutako beste neurri batzuk.

Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere «garrantzitsua» da.

Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu duenez, jaietako ekintzak nori zuzenduta dauden, zenbateko aurrekontua duten eta nortzuk parte hartuko duten hausnartzea beharrezkoa da eta, behar izanez gero, orekatzeko irizpideak ezartzea: emakume elkarteak eta talde feministak zuzenean gonbidatu, bilera orduak eta egunak zaindu, informazioa partekatu, jardueren formatua emakumeentzat erakargarria egin, ikusarazi eta lehenetsi emakumezkoak protagonista diren jarduerak (kultura, kirol jarduerak), epaimahai parekideak sortzen saiatu, balioa eta aitortza soziala eman gehienetan emakumeek egiten dituzten eta bigarren mailakotzat hartzen diren lanei...

Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ kolektiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, «sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak».

EH Bilduko emakumeen ustez, jaiak dira «unerik aproposena eremu hurbilean nahi dugun eredua eraikitzeko: herrikoia, parte hartzailea, berdinzalea, librea, segurua....». «Bide hori lantzeko azterketa kritiko bat egin behar dugu; eta horrela aipatutako neurriak proposatu ditugu», nabarmendu dute.