Kaskagorrik jaso du txosna dotoreenaren saria

Publikoaren botoen gehiengoa jaso ondoren, Kaskagorri konpartsari emango diote 2019ko txosnarik dotoreenaren saria, Kanpaia bezala izendatutakoa. Uribarri konpartsari berriz, Eulia egokitu zaio, jendeari gutxien gustatu zaio izan baita.

NAIZ|21/08/2019 17:23
Unnamed
Kaskagorriren txosna.

Aste Nagusiko Kanpaia aitormena Kaskagorri konpartsak bigarren aldiz jasoko du aurten, txosnarik dotoreenaren aitortza. Bilboko konparsetatik nabarmendu dutenez, «erabateko babesarekin» lortuko du Kanpaia. Izan ere, herritarren %70,14ko babesa jaso du Bilboko gazte mugimenduaren konpartsak.

Kaskagorrik ohikoa duen Asterix pertsonaiaren irudia aukeratu du bere 30. urteurrenean. Menderaezin txikia sutan marraztu dute gaur egungo hainbat bidegabekeriaren aurrean: Altsasuko gazteak espetxean, emakumeen hilketak eta Bilboko Udalak ipinitako isunak tartean. Gazteen dekorazioak zuzenean interpelatzen du ikuslea: «Eta zuk? Ez duzu ezer egingo?».

2007an abiatu zituzten Bilboko Konpartsek Eulia eta Kanpaia aitormenak, modu bihurri batean konpartsak zirikatzeko bi helbururekin: txosnen dekorazioa hobetzea eta jai eremua atontzeko ahalegina indartzea.

Konpartsen arteko sariak dira, eta dekoraziorik dotoreena duen txosnak Kanpaia aitormena jasotzen du; txosnarik gatzgabetuenari, berriz, Eulia ematen zaio.

Bozka konpartsek Aste Nagusian egunero egiten duten asanbladan egin izan da urtetan, eta konpartsa bakoitzak bozka bat ematen zuen kategoria bakoitzeko. 2014tik aurrera, ordea, konpartsetatik erabaki zen publikoak bozka bidez hautatuko zuela Kanpaia eta Eulia zeini eman.

Aurten Kaskagorri konpartsaren txosnan ikusi ahalko Kanpaia, Aste Nagusia bukatu bitartean. Eta Eulia, aldiz, Uribarri konpartsaren txosnan.

2007tik gaur arte Hontzak eta Eguzkizaleak konpartsek jaso dituzte kanpairik gehien. Hontzak konpartsak bost alditan jaso izan du kanpaia (2009, 2010, 2011, 2016 eta 2017). Eguzkizaleak konpartsak lau aldiz lortu izan du (2007, 2008, 2012 eta 2015).