NAIZ

Konpartsek, txupinerak eta pregoilariak egindako lana goraipatu du EH Bilduk

Beatriz Severrek jaien hasieran egindako pregoi «hunkigarria» nabarmendu du EH Bilduk. Alde «ilunean» eraso sexistak eta polizia eredua jarri dituzte, abuztuaren 21ean Udaltzaingoak izandako jokamoldea kritikatu dutelarik.

Itsasne Nuñez eta Beatriz Sever, txupinera eta pregoilaria, konpartsetako ordezkariekin batera Marijaiari agur esateko egindako ekitaldian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Itsasne Nuñez eta Beatriz Sever, txupinera eta pregoilaria, konpartsetako ordezkariekin batera Marijaiari agur esateko egindako ekitaldian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

EH Bilduk aurtengo Aste Nagusiaren balorazioa positiboa egin du agerraldi batean. «Jaiak benetan politak izan dira; arrakastatsuak eta jendetsuak», azpimarratu dute Bruno Zubizarreta, Jone Goirizelaia eta Asier Gonzalez zinegotziek.

Ildo horretan, konpartsek egindako lana goraipatu dute. «Zalantza barik, eurei esker Bilboko jaiak bakarrak dira munduan. Horregatik, beste urte batez Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu».

Horrez gain, Beatriz Sever pregoilariaren eta Itsasne Nuñez txupineraren lana eskertu dute. Naizen, Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramaile da Beatriz et bere pregoia «hunkigarria» izan zela nabarmendu dute, «aniztasunaren balioa azpimarratuz eta transexualitatearen errealitatea agerian jarriz».

Baina Aste Nagusiak bere alde ilunak ere izan dituela esan dute, eta arlo batzuetan lan egin beharra dago, hurrengo jaietara begira. Adibidez, gertatutako eraso sexistak gogor salatu dituzte, eta kasu honetan ere Bilboko Konpartsen jarrera eredugarria goraipatu dute, «segituan protokoloa aktibatu eta kontzentrazioak eta paroak deitu dituztelako, gizarteak kontzientzia har dezan».

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Bilboko Udalak eraso sexualen kontrako neurri errealak hartzea. Gogoratu dutenez, EH Bilduk hainbat neurri proposatu zituen uztailean. Besteak beste: jaietan zehar indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa, autodefentsa feminista ikastaroak, eta jai egitarauko ekintzak programatzeko orduan genero ikuspegia oso kontutan hartzea.

«Marketinetik harago doazen politikak egin behar ditugu. Izan ere, indarkeria sexista gizon eta emakumeen arteko harreman desoreka estrukturalaren ondorio dira. Horregatik Udal Gobernua ezin da lelo hutsetara mugatu. Udalak ahalegin handiagoa egin behar du indarkeria matxistaren aurkako politikak urte osoan landuz, mugimendu feministarekin elkarlanean arituz eta baliabide gehiago jarriz», azaldu dute.

Bestalde, segurtasuna Aste Nagusi honetako beste puntu ilun bat izan dela uste dute,« nahiz eta Aburtok kontrakoa esan eta bikaina izan dela ziurtatu».

«Guk auzo-poliziaren eredua defendatzen dugu eta horren aldeko hitzarmena sinatu genuen, polizia herritarrengandik hurbila, arretatsua eta prebentzioan trebatua nahi dugulako. Baina hori ez da Aste Nagusian ikusi dugun polizia eredua izan», kritikatu dute.

«Prebentzioan lan egin beharrean neurri zigortzaileak hartu dituzte kasu batzuetan eta ondorioak okerragoak izan direla bistan da».

Gogoera ekarri dute abuztuaren 21eko jokaera «guztiz arduragabea eta neurrigabea» izan zela. «Ez zen ez ordua ezta ere lekua era horretan interbenitzeko. Gau hartan segurtasun arazo baten izenean inseguridade arazo larriagoa piztu zuten hiritarrengan», esan dute.

«Eta hori ez da gehiegikeriaren adibide bakarra izan. Asteazken arratsaldean konpartsakide bat bortizki atxilotuta eraman eta 19 ordu izan zuten inkomunikatuta, familiari ezer esan barik», gaineratu dute.

«Hemen polizia batzuek Segurtasunaren Aldeko Hitzarmenaren kontra jokatu dute. Aburtoren iritziz balorazioa bikaina da, baina gure iritziz eskasa da Udal Gobernuak segurtasun arloan egindako kudeaketa», azpimarratu dute EH Bilduren Bilboko zinegotziek.