La Basu rap artistak ‘Gerra’ aurkeztu du, bere disko libreena eta iraultzaileena

Artista bilbotarra emakumeek egindako rap musikaren Euskal Herriko aurpegi ezagunetarikoa da. Disko fisikoa bihar jarriko da salmentan, Bilborock aretoan diskoaren aurkezpen kontzertua egingo den egun berean. Euskarri digitalean, berriz, jada eskuratu daiteke.

Naiz|08/11/2019
Labasu
Disko berriko kanta guztiak La Basuk berak konposatu ditu. (NAIZ)

Elena Caballero ‘La Basu’ musikariak ‘Gerra’ izeneko bere lan diskografiko berria aurkeztu du. Hamar kantuz osatutako EPa da, sei euskaraz idatziak, eta lau gaztelaniaz. Artistak rap musika beste hainbat estilotako musikarekin eta borrokaz betetako letrekin fusionatu du. Haren hitzetan, «Gerra nire lan iraultzaileena da, hip hop kulturan hogei urte baino gehiago daramatzan emakume baten askatasunetik idatzitakoa». 

Diskoa euskarri digitalean jada eskuratu daiteke, eta bihartik aurrera euskarri fisikoan ere salgai izango da. Egun berean ospatuko du La Basuk diskoaren jendaurreko aurkezpena, Bilborock Aretoan, 21:30ean. Kontzertu berezia emango du, DJ Ibai-rekin aparatuetan, Alazne Gutierrez abeslariarekin eta Iñigo Elexpuru bateriarekin batera. Lan diskografiko berriko kantuak taularatzeaz gain, sorpresaren bat ere izango da zuzenekoan. Durangoko Azokan, binilo formatuan ere eskuratu ahal izango dute zaleek diskoa.

Letra guztiak La Basuk berak idatzi ditu, eta Alas Glow abeslariak ‘Bakardadea’ kantua, nahiz DJ Ibai-k diskoaren amaierako scratch saioan parte hartu dute. ‘Gerra’ Unai Mimenza-k grabatu eta masterizatu du Soinuart estudioan, eta ekoizpena Zumarro Prod, Thesamebeats eta DJ Ibaik egin dute.