Amaia EREÑAGA

Goiatz Labandibar, Cafe Bar Bilbao antzerki sarien irabazleen artean

Formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da urtero Bilboko plaza Berriko Cafe Bar Bilbaok eta Tartean taldeak bultzaturiko antzerki laburreko sarien ezaugarri nagusia. Aurten, Goiatz Labandibar oiartzuarraren ‘Salaketa’, euskara arloan, eta Javier Diez Carbonaren ‘Digresiones de don Quijote y Sancha’, gaztelaniazkoan, saritu dituzte.

Goiatz Labandibar eta Javier Diez Carbona tabernaren aurrean. (NAIZ)
Goiatz Labandibar eta Javier Diez Carbona tabernaren aurrean. (NAIZ)

Plaza Berriko taberna ezagun honetan banatu dira gaur arratsaldean Cafe Bar Bilbaoko 17. edizioko sariak. Guztira 25 gidoi jaso dituzte, hauetatik 17 gaztelaniaz eta beste zortzi euskaraz. Sari bakoitzeko irabazleek 800 euro jasoko dituzte eta, antzezlanak Cafe Bar Bilbaoren web orrialdean publikatuko dira. Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren baitan, Goiatz Labandibarren ‘Salaketa’ antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da datorren otsailaren 6an 20.00etan.

Kazetaritzan lizentziaduna, egun komunikazio arloan lanean ari den Goiatz Labandibar literatur munduan aritua da baita ere, helduentzako hiru ipuin bilduma argitaratu baititu: ‘Geltokiak edo Helduta entzuteko abestiak’ (Elkar, 2013. Igartza beka); ‘Fotogramak’ (Elkar, 2016) eta ‘Hori zen dena’ (Alberdania, 2019). Zenbait sari ere jaso ditu, azkenekoak: Gabriel Aresti ipuin lehiaketan akzesita eta Xabier Portugal poesia lehiaketan 2. saria.

‘Salaketa’ antzezlanari dagokionez, absurdotik asko duela aitortzen du: «Abiapuntua bera nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Egoera sinple horretatik abiatuta, salaketa jartzera joan denaren eta hari harrera egin dion justizia administrazioko langilearen arteko elkarrizketa da gidoiak hartzen duena. Bai bata eta bai besteak salaketa jartzea, arrazoia, jokabideak… absurdora eramaten dituzte, mila ergelkeriatan katramilatzen dira. Umoretsua izango zen gidoi bat sortu nahi nuen. Ironiatik asko duena, absurdotik asko eta gure buruari barre egiteko aukera ematea». 

Antzerki laburreko sari hauen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da. Honek esan nahi du antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar direla eta banaketa eta ekoizpen errazekoak. Xedeetako bat dramaturgo hasiberriak laguntzea eta antzerkigintzan murgil daitezen animatzea da. Eta, 2002an sortu zenetik, idazle eta dramaturgo ugarik jaso dute dagoeneko merezitako aitortza. Hauen artean: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Galder Perez, Txema Trujillo edota Aizpea Goenaga.