Asier ROBLES

Yolanda Gonzalez omendu dute Deustun, hil zuteneko 40. urteurrenean

Deustuibarrako auzokideek Yolanda Gonzalez omendu dute ostiral honetan, ultraeskuindarrek hil zutenetik 40 urte pasa ondoren. Horretaz gain ‘1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan’ izeneko erakusketa aurkeztu dute Bizinahi auzogunean. Otsaila osoan egongo da bertan.

Yolanda Gonzalezen muralaren ondoan egin da omenaldia. (Monika DEL VALLE / FOKU).
Yolanda Gonzalezen muralaren ondoan egin da omenaldia. (Monika DEL VALLE / FOKU).

Larunbat honetan 40 urte beteko dira Batallón Vasco Español talde ultraeskuindarrak Yolanda Gonzalez gazte deustuarra bahitu, torturatu eta hil zuenetik Madrilen euskal herritarra eta ezkerreko militantea izanagatik. Orduan 19 urte zuen eta PST (Partido Socialista de los Trabajadores) alderdian zegoen.

Deustuibarrako auzokideek ez dute bera ahaztu, eta ostiral honetan omenaldi bat egin diote bere izena duen plazatxoan. Hasteko, mural berria inauguratu dute txalapartaren soinuekin batera. «Mural oso argitsu eta koloretsua da, sentsazio oso positiboak transmititzen ditu, eta horrelakoa zen Yolanda, bizitzaz betea eta mundu hobeago bat lortzeko ilusioz beteta», gogoratu du Auzo Elkarteko kide batek. Era berean, «etorkizun justuago baten aldeko defentsan jarritako energia eta esfortzuak» gogoratu ditu.

«40 urte hauetan gauza asko gertatu dira, baina langileriaren eta kolektibo baztertuen borrokak bizirik diraute. Ziur gaude Yolanda oraindik gurekin hemen egongo bazen, gero eta handiago den desberdintasun sozialari aurre egiten ibiliko zen lehen lerroan», adierazi du hizlariak.

«Mila esker, Yolanda ,zure bizitza motzean eredu hain handi bat uzteagatik. Zure ekintzei oihartzuna emango diegu», nabarmendu du.

Agurra dantzatu eta lore eskaintza egin ostean, Asier Gonzalezek, Yolandaren nebak, hartu du hitza. Militatzen hasi zenean, hilketaren momentuan jasandako uneak eta anekdota batzuk kontatu eta gero, horrelako omenaldien garantzia nabarmendu du, «Yolanda nor zer eta hil zuten zergatiaren inguruan gogoeta egiteko».

Ekitaldian EH Bildu, Podemos eta PSEko kideekin batera Monika Hernando Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria, eta Egiari Zor-eko kideak egon dira.

Erakusketa

Horretaz aparte ‘1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan’ izeneko erakusketa aurkeztu dute Bizinahiko bigarren solairuan. Otsaila osan egongo da bertan ikusgai, eta hamaika panelez osatuta dago.

Yolandaren hilketa; Deustuko herriaren erreakzioa; hiltzaileak nortzuk izan ziren eta Estatuko aparatuekin izandako lotura; Batallon Vasco Español; Espainiako Auzitegi Nazionaleko ikerketa murriztua; epaiketa; kriminalek kartzelan izandako aldeko tratua, Hellín hiltzailearen ihesaldia Paraguaira; Espainiara estradizioa; eta 43 urte eta erdiko zigorretatik 14 urte eskas bete ondoren Guardia Zibilak eta Poliziak egindako kontratazioa kontatzen dira paneletan.

Azkenak, 2016an, «lan neketsu eta iraunkor baten ondorioz», Deustuibarrako Auzo Elkarteak plazari Yolandaren izena jartzea lortu zuenean jasotzen du.

Garaiz garaiko prentsaz (‘Egin’, ‘Egunkaria’, ‘Deia’, ‘El Correo’, ‘Interviu’, ‘La Gaceta del Norte’, ‘La Hoja del Lunes’, ‘Gara’ eta ‘Berria’) eta Lazkaoko Beneditarren liburutegian artxibatutako Deustun argitaratutako esku-orriez baliatu dira antolatzaileak erakusketako panelak osatzeko.

Horrekin batera, ‘Yolanda en el país de los estudiantes’ bideo emanaldia eskaini dute auzogunean.