NAIZ

Bilboko suhiltzaileak hiria desinfektatzeko lanetara gehitu dira

Bilboko suhiltzaileek Lakuako Osasun Sailak adierazitako eremuak desinfektatu dituzte. Neurri hori Udalako Bizi Kalitate Sailak hartu du eta, eremu publikoaz gain, adinekoen bi egoitza ere desinfektatu dituzte.

Espainiako militar bat Abandoko geltokia desinfektatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Espainiako militar bat Abandoko geltokia desinfektatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko suhiltzaileek bat egiten dute hiria desinfektatzeko lanekin, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun alarma dela eta. Zehazkiago esanda, Lakuako Osasun Sailak zehaztutako hiriko eremu eta lekuetan jardungo dute, osasun-agintarien gidalerroei erantzunez, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Horrela, hiriko suhiltzaile parkeetako langileek bat egin dute EAEko suhiltzaile talde guztiei egindako aktibazio eskaerarekin. Bilboko suhiltzaileek dozena erdi desinfektatze ekipo dituzte, eta egungo egoera hasi zenetik hiria garbitzeko eta desinfektatzeko egin diren lanak indartuko dituzte. Zehazki, adinekoen bi egoitza desinfektatu dituzte asteazken honetan.

Gainera, gaueko ekorketa eta ekorketa mekanikoa indartu dira elikadura saltokietatik edo osasun zentroetatik hurbil dauden elkarguneetan, besteak beste, espaloiak higienizatzeko presiozko garbiketa ekipoei esker.