Naiz
Bilbo

Bilboko Guggenheim Museoak #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala abiarazi du

Museoa itxita dagoen bitartean eduki digitalak eskainiko dituzte webgunea eta sare sozialen bitartez. Museoko langileek bideo desberdinak grabatu dituzte eta pixkanaka joango dira plataformetara igotzen. Horiei esker bisita birtuala egin ahal izango dugu eta hainbat obra zehatzen inguruan gauza asko ikasi.

Olafur Elliason Guggenheim museoan, bere obraren aurrean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)
Olafur Elliason Guggenheim museoan, bere obraren aurrean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Bilboko Guggenheim, gainontzeko museoak bezala, itxita dago aldi baterako. Iragarri duenez, itxita dagoen bitartean #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala garatuko du erakusketei buruzko ikus-entzunezko material berriak eta bere jardunei buruzko alderdi ezezagunak jendaurrean aurkezteko webgunearen zein sare sozialen bitartez.

Hiritarrak etxean dauden bitartean «nolabait laguntzeko, inspiratzeko eta entretenitzeko», datozen egunotan eduki berriak argitaratuko ditugu webgunearen GuggenheimBilbaoLive atal berrian; Museoan lan egiten duten pertsonetako batzuk modu isolatuan grabatutako bideoak dira. Gune birtual berri horretan arte arduradunek, zuzendari nagusiak eta bestelako jarduera garrantzitsuetako hainbat kidek museoko kontserbazio, hezkuntza eta interpretazioa, erakusketen diseinu eta muntaketa nahiz eraikinaren mantenimendu arloetako errealitatearen gertu-gertuko ikuspegia eskainiko dute datozen egun eta asteetan, itxierak irauten duen bitartean.

Asmoa da, etxean geratu behar dugun egoera honek irauten duen bitartean, Museoko pertsonek ahalik eta modu hurbil eta pertsonalean ematea haien lanekin lotutako xehetasunak: zein dute bildumako artelanik kuttunena eta zergatik edo oraingo erakusketei buruzko pasadizoak eta gorabeherak.

Are gehiago, edozein bisitarik egingo lituzkeen galderei erantzungo diete: nola etorri ziren eta nola kokatu zituzten museo barruan Richard Serraren ‘Denboraren materia’ osatzen duten eskultura eskergak? Nola antolatzen da erakusketa bat? Nola mantentzen da Frank Gehryk diseinatutako eraikina? Nola kontserbatzen dira artelanak? Zer egiten da erakusketa bat diseinatzeko? Nola bidaiatzen dute artelanek? Zeintzuk dira haurren artelanik gogokoenak?

Proiektua abiarazteko, ‘Gure erakusketak eta Bilduma’ atalaren barruan jarri dira lehenengo bideoak Iberdrolak babesten duen ‘Olafur Eliasson: bizitza errealean’ erakusketaren harira. Horietan erakusketaren komisario den Lucia Agirrek artistari eta gogokoen dituen artelanei buruzko xehetasunak emango dizkigu.

Hurrengo egunetan bideo gehiago aktibatzen joango dira kategoria guztiak osatu arte.