Manex ALTUNA

Athleticeko hainbat jokalari ohien babesa Beñati eta San Joseri

Koikili, Tiko, Gabilondo, Endika, Larrazabal, Mendiguren... edo emakumezkoen taldean aritutako Eba Ferreira, Eli Ibarra eta Nerea Onaindiak beren babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan diete Beñati eta San Joseri euskara erabiltzeagatik jasandako irain eta mehatxuen aurrean.

San Jose eta Beañt Realaren kontra 2017an jokatutako derbian. (Jon URBE / FOKU)
San Jose eta Beañt Realaren kontra 2017an jokatutako derbian. (Jon URBE / FOKU)

Athleticen isilik jarraitzen dute Beñatek eta San Josek sare sozialetan jasandako irain eta mehatxuen inguruan. Jokalari zuri-gorriek euskaraz idatzitako ohar batean azaldu zuten denboraldi amiera arte taldean jarraituko dutela. Azken egunerarte argitu gabe egon den kontua izan da eta badirudi hautsak harrotu dituela klubaren baitan egoerak. Garitanok izan ezik, entrenatzailea poztu egin zen jokalariek hartutako erabakiaz, klubak ez du ezer esan ezta gainontzeko ordezkariek ere ez.

Iñaki Williamsek Espanyolen zelaian irain arrazistak jaso ostean, Athleticek egoera salatu zuen segituan eta kanpaina abiatu. Elkartasuna nagusitu zen futbolaren munduan, baina kasu hontan ez du inolako adierazpenik egin.

Gu ere bai! ekimenak bultzatuta agerraldia egin zuten atzo San Mamesen eta gaur goizean Athleticeko hainbat jokalari ohiek beren babesa agertu nahi izan dietela futbolariei ezagutarazi dute. Athleticen ereserkiak dioen «herritik sortu zinelako, maite zaitu herriak» esaldia gogora ekartzen dute eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.

Babesa agertu dieten jokalarien artean azken lau hamarkadetako jokalariak daude. Endika, Aitor Larrazabal, Ritxi Mendiguren, Tiko, Koikili, Gabilondo, Josu Sarriegi, Iñigo Velez de Mendizabal, Luis Prieto, Endika Bordas, Aritz Solabarrieta, Asier Ormazabal... eta baita ere emakumezkoen taldean aritutako Ainhoa Tirapu, Arrate Orueta, Aitziber Juaristi, Eba Ferreira, Eli Ibarra, Nerea Onaindia eta Leire Zabala.

Euskal hiztunak dira lehen momentu hontan babesa agertu duten guztiak, baina Gu ere bai! ekimenetik gaineratzen dutenez «elkartasunak ez dauka mugarik».