NAIZ

200 mendizalek parte hartu dute Bilboko Konpartsen mendi-ginkanan

Bilboko Konpartsek ezagutarazi dituzte Txosnaginkane Orientazio-ibilbidearen saridunak. Ekimenean, mendizaleek hainbat objektu topatu eta argazkia atera behar zituzten txosnagane mendian, Pagasarri eta Ganekogorta artean. 200 mendizalek baino gehiagok parte hartu zuten.

Txosnaginake, Bilboko Konpartsak.
Txosnaginake, Bilboko Konpartsak.

Txosnaginkane orientazio-ibilbidea Bilboko Konpartsek garatu dute, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeekin elkarlanean.

Jarduera ez lehiakorra izan da, osasun-irizpideak eta elkarren zaintza oinarri hartuta. Bilboko Konpartsek azaldu dutenez, ekintzaren helburua izan da «Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutatzea, modu libre eta arduratsu batean». Hala ulertu dute parte-hartzaileek ere, «ideia polita eta dibertigarria» izan dela jakinarazi baitute. Ekimena «normaltasunez» burutu dela aipatu dute konpartsek.

Honako hauek izan dira irabazleak: Zuriñe Lopez Vila eta Jose Javier Val Mejuto Ginkana osatutakoen arteko zozketan; eta Roberto Zabala Herguedas eta Bruno Nieto Palacios parte hartutakoen arteko zozketan.

Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka.

Ibilbideetan, protagonismo berezia izan du Bolintxu errekak. Bilboko paraje natural bakarretakoa da, eta mendizaleek asko estimatutakoa; egunotan, Supersurren lanak direla eta suntsitzeko mehatxupean dago.

Antolatzaileek ahalegin handia egin zuten jende-batuketak ekiditeko neurriak hartzen. Hala, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu zuten, parte-hartzaile bakoitzak gurago zuen unean egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezberdin prestatu ziren, eta hasiera eta bukaera puntuak ezberdinak izan zituzten, inolako puntu estatikorik gabe.