Maider IANTZI
DONOSTIA

Eskolaz kanpoko ikasleak ere gonbidatuta daude San Mameseko Unibertsitatera

Heldu den astean ikasteko aukera aparta izanen dute eskola barreneko eta kanpoko ikasleek Euskal Herriko Herri Unibertsitatean. Astelehen eta asteartean tokian toki antolatuko dituzte ekitaldiak, eta asteazken eta ostegunean denak bilduko dira Bilboko San Mamesen.

Euskal Herriko Herri Unibertsitatea antolatu du ikasle mugimenduak laugarren urtez. Bi atal ditu: lehendabiziko bi egunetan, campus bakoitzak bere ekitaldiak eginen ditu, eta azkeneko bietarako “Baterajotzea” prestatu dute Bilboko San Mamesen, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Nazio mailako elkargune irekia da, jakintza unibertsitatetik herrira hedatzeko xedea duena. «Jakintza ez da heziguneetara mugatzen eta lorpen bat litzateke guretzat herri eta gazte mugimenduetako jendea bertan topatzea, baita antolatuta ez dauden langileak ere, jakintza eskuratzeko, honen inguruan hausnartzeko eta eraikuntzarako tresna gisa duen garrantziaz jabetzeko», adierazi dute ikasle mugimenduko kideek, guztiak gonbidatuz.

Ez dute ahantzi joan den urtean San Mamesetik aterarazi zituztela eta horri ere erantzun nahi diote ekitaldi nazionalarekin. «Eraso hori ez zen San Mameseko ikasleen kontrakoa soilik izan; ikasle mugimendu osoaren eta, oro har, Euskal Herriko langile klaseak eman zitzakeen ofentsiba pausoen aurkakoa ere izan zen».

“Baterajotzeak” badu motibazio estrategiko bat ere. Herri unibertsitatea tresna eraginkorragoa izatea nahi dute, jakintza herrira zabaltzeko eta langileek boterea hartzeko. «Jende asko batu, eztabaidak elikatu eta aurrerapausoak emateko aukera da. Oihartzun handiagoa lortzekoa ere bai».

Lehenik eta behin, tokian tokiko ekitaldiak ongi ateratzea nahi dute eta ez dira ausartzen San Mamesen zenbat lagun bilduko diren iragartzen. Bost campusetan eginen da euskal unibertsitatea: EHUren Gasteiz, Ibaeta eta Leioako campusetan; Bilbounin (Sarriko, San Mames eta Andra Mari); eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Asteazkenean, gaur egungo errealitatearen analisia eginen dute. «Joera handia daukagu hezkuntza ulertzeko arazo orokorretik edo sistematik at dagoen arazo bat bezala. Ariketa bat egingo dugu gu ere kontziente izateko sistemaren barruan dagoen beste tresna bat dela hezkuntza, eta ezin dela aldatu sistema aldatu gabe».

Osteguna jakintzaren eguna izanen da. Heziguneetan badira eskola kolektiboak edo hausnarketa taldeak, unibertsitatean ematen den jakintza aztertzen dutenak. Hauek sustatu eta esperientziak partekatuko dituzte.