NAIZ

Bilboko konpartsa gehienek agur esan diete Garoñari eta Iberdrolari

2016ko Aste Nagusian Bilboko Konpartsak koordinakundea osatzen duten 28tik 21k energia berriztagarria eta ez nuklearra kontratatu zuten kooperatiba batekin. Asteburu honetan urteko balorazioa egin dute konpartsek eta balioetan sakontzeko apustua egin dutela azpimarratu dute.

28tik 21 konpartsek energia berriztagarriaren aldeko apustua egin zuten.
28tik 21 konpartsek energia berriztagarriaren aldeko apustua egin zuten.

2015eko Aste Nagusian bi txosnek energia berriztagarria hobetsi zuten txosnako horniketa elektronikoa egiteko: Bizizaleakoek eta Txomin Barullok. Baina 2016an, 28 konpartsetatik 21ek aukeratu du beste energia mota, berriztagarria eta Iberdrolarekin ez dute kontratua egin, besteak beste, Garoña berriro zabaltzearen aurka protesta egiteko.

Zabalbidon topagunean, Garoñaren aurkako Foroak Agur Garoñari diploma banatu zien erabakiarengatik zoriontzeko.

Urteko asanblada

Asteburu honetan egin dute Bilboko Konpartsak osatzen dituzten 29 konpartsetako ordezkariek urteko balorazio-bilera, eta 2016-2017 ikasturtera begirako ildo nagusiak irudikatu dituzte.

«Jai herrikoi, partehartzaile, euskaldun eta parekideen eredua» indartzeko bidean, balioetan sakontzeko ahalegina eta lankidetzak eta aliantzak indartzeko apustua nabarmendu dituzte.

Urtero, jai-egutegiko azken urratsa den Aste Nagusiaren ondoren, eta konpartsa eta lantalde bakoitzak beren balorazioak egin eta ikasturte berrirako proposamenak landu ondoren, azaroan biltzen dira Bilboko Konpartsak osatzen dituzten konpartsetako ordezkariak bi egunez, bai konpartsetatik eta bai federakundea osatzen duten sei batzordeetako ordezkariek osatzen duten jai-batzordetik egiten diren hobekuntza-proposamenak eztabaidatzeko eta urteko lan-lerroak eta plangintzak adosteko.

Hirurogei konpartsakide inguru elkartu dira aurten, batazbeste % 50 emakumezkoak eta beste % 50 gizonezkoak koordinadoran, eta, nagusiki, indarrean dagoen ikasturtera begira, hauek izan dira adostu dituzten lan-lerro nagusiak: erasorik gabeko jai-ereduaren bidean, gaia urte osoan zehar lantzen jarraitzeko planteamendua indartzea, parte-hartzea sustatzeko ahaleginean Bilboko Konpartsek urte osoan zehar egiten duten lana gizarteratzeko plangintzak adostea, eta kontsumo arduratsuaren aldeko lan-lerroetan sakontzeko urratsak egiten jarraitzea.

Bilbo osoko ehundaka konpartsari biltzen dituzten 29 konpartsek urte osoan zehar egiten dute lan Aste Nagusia ez ezik, San Tomas, Inauteriak edo Udako Solstizioa antolatzeko, besteak beste.

Horretarako, sei lan-batzorde iraunkorretan antolatuta egiten dute lan. Oro har, ikasturte berriari begira gogotsu ekin diote konpartsek, azaroaren 8an aurkeztu berri duten ‘Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen’ dokumentalaren estreinaldiaren ondotik.