Manex Altuna

Boiseko Broncos futbol taldeko jokalariak San Mamesen

Athletic eta Leganesen arteko partidan gonbidatu bereziak izan ziren San Mameseko harmailetan, Estatu Batuetako Boise unibertsitateko Broncos taldeko jokalariak denboraldiko azken partida zuzenean jarraitzeko aukera izan zuten.

Boiseko Broncos taldeko jokalariak San Mamesen.
Boiseko Broncos taldeko jokalariak San Mamesen.

Boiseko Broncos taldeko jokalariak San Mamesen izan ziren igandean. Egun hauetan Euskal Herritik izan dira eta Athleticen partida zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Izan ere, taldeko entrenatzaileetako bat Maite Zabala da. Boisen bertan jaio den arren, euskal jatorria dauka -bere familia gernikarra da- eta 2004an Athleticen aritu zen atezain bezala. Estatu Batuetako hainbat taldetan ere jokatu zuen eta bikain moldatzen da euskaraz.

Maite Zabalaren eskutik, Broncos taldeko jokalariak San Mamesen izan ziren Athletic eta Leganes arteko partida ikusten eta Iraizozen agurra ere zuzenean jarraitu ahal izan zuten. Bilbotik buelta bat emateko astia ere izan zuten arratsaldean zehar eta adiskidantzazko partida bat ere jokatuko dute Lezaman Boisera itzuli aurretik.

Zabalarekin batera, Broncos taldean Zengotita abizeneko jokalari bat dago eta bere familiaren jatorria Mallabian dago.

Bidaiaren atarian Broncos taldeko neskentzako bisita antolatu zuten Boiseko euskal museoan, etorri aurretik Euskal Herriaren ingurukoak ezagutzeko. Futbol taldeak berak hedatu zuen bere sare sozialetan bisitaren laburpen bideoa. Bertan Argia Beristain, euskal jatorriko estatu batuar eta irakaslearen ahotik jaso zituzten Euskal Herriaren inguruko irakaspenak. Historia, migrazio mugimenduetan Boiseko estatuak izan duen garrantzia eta frontoian jokatu ohi diren euskal kirolen inguruko azalpenak jaso zituzte jokalariek.