NAIZ

Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataformaren sorrera

Bilboko Udalak Deustuko Merkatu zaharraren eraikina, azken 26 urteetan Deustuko Gazte Lokala izan dena, eraitsi nahi duela jakitean, Deustuko hainbat auzokide zein bere garaian Gazte Lokalean ibilitako hainbat jende elkartu eta Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataforma sortu dute.

Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataforma.
Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataforma.

Deustuko Gazte Lokalaren aldeko plataforma sortu dute «eraikinak ondare gisa duen balioa zein egun ematen zaion erabilera defendatuz, gazte lokalaren proiektua aurrera daramatenei kanpotik bakarrik ez daudela adierazi eta auzoan duten babesa helarazteko asmoz».

Azaldu dutenez, burutu duten lehenengo ekimena auzoko merkatari, tabernari, musika talde, elkarte, herri mugimenduei... babesa helarazteko eskatzea izanda, babes argazkiak helaraztea lehenetsiz idatzizko atxikimendu hutsen aurrean.

Ehundik gora argazki jaso dituzte dagoeneko eta argazkiekin Deustuko denda eta tabernetan zabaldutalp mosaiko bat osatu zuten abenduan zehar sare sozialen bidez zabaldu dutena.

Orain, plataformatik argazkiekin egindako mosaikoaren kartelak denda eta tabernetatik zabaltzen hastearekin batera, Udalaren Ondare batzordeari eraikina babesteko asmoz sinadura bilketa bat egiteari ekin diote. Gaineratu dutenez, berritzear dagoen hirigintza plan orokorraren eraikinen katalogoan txertatzea dute helburu. «1886 inguruan eraiki zelako, egoera onean dagoelako eta auzoari zabalik dagoelako», nabarmendu dute.

Gaineratu dutenez, Deustuko Udala izan zenaren zutik mantentzen den azken eraikina da. Sinadurak biltzeko orriak eskuragarri utzi dituzte Deustuko hogei bat denda eta ostatutan.