NAIZ

Emakume sortzaileen ikus-entzunezko lanak ikusgai Bilborock aretoan urtarrilaren 19an

Emakume-On ekimena izango da Bilborock aretoan ostiralean, urtarrilaren 19an, ikus-entzunezkoen arloan sortzaile diren emakumeen lana ikusgai jartzeko asmoz.

Bilboko Udalak eta Floston kultur elkarteak bultzatutako jardunaldia da, eta emakumeek ikus-entzunezkoen alorrean sortutakoa ikusgai jarri eta gai horren gaineko gogoeta sortarazi nahi du.

Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, Emakume-On ekimena goizez eta arratsaldez egingo da (11.00-14.00 eta 16.00-22.30). Sarrera doakoa eta librea da, eserleku guztiak bete arte. Jardunaldia ez da mugatuko zineman edo telebistan finkatutako formatuetara, eta esparru artistikoetan, aukera berrietan eta Interneterako ikus-entzunezkoen formatu berrietan ere murgilduko da, hala nola webserie edo bideoblogetan.

Ondorengo gaiak eztabaidatuko dituzte: «El reto de la comunicación igualitaria» (Teresa San Segundo), «Responsabilidad social para la igualdad» (Ana Gutiérrez, Susana Zaballa eta Vanesa Fernández), «Jóvenes, valientes y creadoras» (Silvia Pumar, Sara Mauleón eta Ana Gómez), «Nomofobikak gara» (Olatz Beobide eta Amaia Lizarralde), «Arte y audiovisual» (Paula Bañuelos, Iratxe Hernández eta Bego Vicario) eta «La aventura de ser youtuber» (Koala Rabioso eta Naty Penadas).

Gainera, Bertha Gaztelumendik zuzendutako «Volar» dokumentala proiektatuko da, eta, jardunaldia amaitzeko, Koala Rabioso eta Naty Penadas artistek «networking + music DJ» saio bat eskainiko dute.