NAIZ

Ingeniaritza eskolako 35 ikasle hoberenak saritu dituzte

Azpimarratzekoa da Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Graduko laugarren maila 9,33ko batez besteko notarekin amaitu zuen Jinghan Wang ikaslea eta dagoeneko Zamudioko Matrici enpresan lan egiten du.

Ingeniaritza Eskolako ikasle sarituak.
Ingeniaritza Eskolako ikasle sarituak.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikasle onenak omendu ditu, ikasturte eta titulazio bakoitzeko «Espediente Hoberenentzako Idom Sariekin». Luis Rodríguez Llopis Idomeko presidenteak, Fernando Querejeta Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioaren presidenteak, Enrique Amezua Eskolako zuzendariak eta Carolina Robollar ikastetxeko idazkari akademikoak aintzatespen hori egin dute Eskolan bertan ospatu den eta, omendutako ikasleez gain, senideak, adiskideak eta ikasle horiek Batxilergoa egin zuten ikastetxeetako ordezkariak ere egon diren ekitaldian.

Guztira, batez beste 9,78tik 7,14ra arteko notak lortu dituzten 35 ikasle izan dira –23 mutil eta 12 neska. «Etorkizunean euskal industria sektorearen buru izatera eramango duten oso prestakuntza maila altuko ikasleak dira», nabarmendu dutenez.

Aurten, bederatzi ikaslek, 9tik gorako batez besteko nota lortu dute. Nota altuena, Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko Xabier Landak lortu du, 9,78koa, hain zuzen ere. Horrez gain, hainbat ikaslek aintzatespena errepikatu dute, aurreko ikasturteetan ere gauza bera jaso baitzuten.

Azpimarratzekoa da Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Graduko laugarren maila 9,33ko batez besteko notarekin amaitu zuen Jinghan Wang ikaslea, bere mailako hoberena izan baita ikasketak hasi zituenetik (karrerako lau urteetan). Wang lanean ari da jadanik Zamudioko Matrici enpresan, oharrean nabarmendu dutenez «horrek argi eta garbi erakusten du Eskolako graduatuen laneratze azkarra».