NAIZ

Fronte Polisarioko ordezkariak Udaletxean izan dira

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzi Itziar Urtasun eta lankidetzaren arloko Udaleko taldea, Abdulha Arabi Fronte Polisarioaren ordezkariarekin eta Saharako Ordezkaritzako kide batzuekin bildu dira.

Itziar Urtasun, Fronte Polisarioko ordezkariekin batzartu da. (Bilboko Udala)
Itziar Urtasun, Fronte Polisarioko ordezkariekin batzartu da. (Bilboko Udala)

Bilboko Udaletxean egindako topaketa, Fronte Polisarioaren ordezkari berria Euskal Herriko erakundeen aurrean bere burua aurkezteko egiten ari den bileretako bat izan da.

Saharako herriaren kausarekiko udalaren elkartasuna helarazi dio Itziar Urtasunek Abdulha Arabiri, bai eta Sahararekin lankidetzan aritzeko konpromisoa eta laguntzeko bideak mantentzen jarraituko dituela ere.

Ildo horretan, Bilboko Udalak urtero antolatzen ditu Saharako Herriaren aldeko elkartasunezko ekimenak. Besteak beste, SEADen Lagunen Bizkaiko Elkartearekin batera, ekimen ezberdinak antolatzen ditu. Alde batetik, Sahararen aldeko Euskal Karabana Solidarioaren Bilboko ardura eta, bestetik, «Oporrak Bakean» programa, Bilboko familiek udan Saharako adingabekoak jasotzeko.

Prentsa oharrean gogoratu dutenez, Bilboko Udalak hainbat adierazpen egin ditu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren gobernu legitimoa eta Fronte Polisarioa ordezkari bezala onartuz. Aldi berean babes osoa eman izan diote Saharar Herriak legezkoa duen autodeterminazio eskubideari, eta Estatu espainiarreko Gobernuari eta Nazioarteko Komunitateari eskakizuna luzatuz ekimen politikoak, bidezko eta behin betiko konponbidea lortzeko bultza ditzatela.