NAIZ

Zinegotziak eta alkatea irisgarritasun unibertsalaren aldeko ekimen batean

Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Koordinakundeak (FEKOOR) Bilboko zerbitzu publiko nahiz pribatu guztietan irisgarritasun unibertsala aldarrikatzeko ekimena antolatu du gaur goizean Indautxu plazan.

Zinegotziak eta alkatea irisgarritasunaren aldeko ekimenean. (Bilboko Udala)
Zinegotziak eta alkatea irisgarritasunaren aldeko ekimenean. (Bilboko Udala)

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Iñigo Pombo Gizarte-Politiken Zinegotzi Koordinatzailearekin eta Udal Korporazioko beste kide batzuekin batera, FEKOOR elkarteak anolaturiko ekimen batean parte hartu dute Indautxu plazan. Hiriko zerbitzu publiko nahiz pribatu guztietan irisgarritasun unibertsala aldarrikatzeko antolatu dute ekimena.

Aburto alkateak ekitaldian egindako adierazpenetan, irisgarritasuna «pertsona guztiek baliabide guztiak erabili ahal izateko duten eskubidea da, legez araututa dagoena» dela gogoratu du eta beharrezkotzat jo du irisgarritasuna «zeharkako ikuspegia bihurtzea, genero-ikuspegia bezalakoa, pertsona guzti-guztiak –zeinahi mugapen fisiko, sentsorial edo intelektual dutela ere– aintzat hartuko dituen gizarte-eredu bat lortu ahal izateko».

Juan Mari Aburtok egiazko irisgarritasun unibertsala lortzearren FEKOOR-ekin batera lanean jarraitzearen aldeko konpromiso pertsonala berretsi du eta argi utzi du «helburua ez dela orain arte ontzat jotzen ziren egoerak salatzea, hiria pertsona guztiontzat egin behar dugula kontzientziatzea baizik. Eta hiria pertsona guztiontzat egiteko ahalegin horretan ere, esparru pribatuak zer esan eta zer egin handia dauka».