Manex ALTUNA @manexaltuna

Eneko Bovedaren mezua Athleticen jarraitzaileei: «Segi kluba, filosofia eta jokalariak maitatzen»

Eneko Bovedak Athletic utzi eta Deportivon bukatuko du aurtengo denboraldia. Durangoko atzelariak klubari, langileei eta batez ere zaletuei zuzendutako esker oneko mezu bat zabaldu du sare sozialetan.

Eneko Boveda Deportivoren kontrako norgehiagokan. (ATHLETIC CLUB)
Eneko Boveda Deportivoren kontrako norgehiagokan. (ATHLETIC CLUB)

Eneko Bovedak neguko merkatuan Deportivora joateko hautua egin du eta Athleticen zuen kontratua bertan behera utzi du. 2018ko ekainean bukatzen zitzaion kontratua eta datorren denboraldirako iragarritako fitxaketak ikusita -Ander Capa eta Cristian Ganea- eta Iñigo Lekuek kontratua berritu duela ikusita, Galizia aldera joateko erabakia hartu du durangarrak.

Zigandak aukera gutxi eman dizkio aurtengo denboraldian eta abenduan 29 urte bete dituen jokalariak minutu gehiago izateko helburuarekin Deportivon amaituko du denboraldia. Azterketa medikuak gainditu ostean, aurtengoa eta beste bi urtetarako sinatuko du.

Eneko Boveda 2015ean itzuli zen Athleticera Eibarren lau urte igaro ondoren. Lezamako harrobian hezitako jokalaria da eta sare sozialetan zabaldutako mezuan bere esker ona adierazi nahi izan du. Boveda euskaraz agurtu da.

Taldekideak eta klubeko langileak aipatu ostean, nabarmentzekoa da Bovedak jarraitzaileei zuzenduta botatako mezua: «segi gure kluba eta gure filosofia maitatzen, eta maitatu zuen jokalariak, aldagela horretan altxor handi bat dago eta».

Ziur Athleticen aldagelan faltan botako dutela durangarra.

Hemen agurra osorik irakurtzeko: