NAIZ

Maurice Hamers maisu holandarrak Bilboko Udal Musika Banda zuzenduko du igandean

Maurice Hamers maisu holandarrak Bilboko Udal Musika Banda zuzenduko du igandean, otsailaren 18an, Euskalduna Jauregian. ‘Bihotzarekin eta arimarekin’ izenburupean bost konpositoreren obrak interpretatuko dituzte.

‘Bihotzarekin eta arimarekin’ izenburupean, bandak bost konpositoreren obrak interpretatuko ditu 12.00etatik aurrera: Richard Strauss, John Mackey, David Maslanka, Gustav Holst eta Maurice Hamers bera. Guztira, banda bilbotarrak sei lan interpretatuko ditu, haietako bost lehen aldiz.

Bilbao Musika erakundeak jakinarazi duenez, Maurice Hamers zuzendari gonbidatuak «errepertorio eklektikoa» aukeratu du emanaldirako, «ikus-entzuleen emozioak mugiarazteko helburuarekin». Bitan banaturik, saioa Richard Straussen ‘Fest Musik der Stadt Wien’ obrarekin hasiko da.

Jarraian, John Mackey maisu gazte estatubatuarraren ‘Redline Tango’ lanaren txanda izango da, eta ondoren, Hamersen beraren ‘Chakra’ obraren ‘Hearth Chakra, Love and Forgiveness’ pieza entzungo da. Emanaldiaren lehen zatia bukatzeko, bandak David Maslanka estatubatuarraren ‘Traveler’ interpretatuko du.

Kontzertuaren bigarren zatia Gustav Holst ingelesaren ‘The Planets op.32’ suitearen ‘Jupiter, The Bringer of Jollity’ piezarekin hasiko da. Amaitzeko, Hamersen beste obra bat izango da entzungai: jatorrian musika bandarako idatzitako ‘New Life’.