NAIZ

Bizinahi, Erriberako auzotarrek «berreskuratu» duten eraikina

Erribera auzoko «espazio falta eta zerbitzu gabezia larriak bultzatuta», Vicinay Cadenas zeneko bulegoen eraikinari bizitza ematea erabaki dute. Bizinahi izendatu dute eta dagoeneko hasi dira auzolanean 50 bat lagun.

Erriberako auzotarrek Vicinay eraikina berreskuratu dute.
Erriberako auzotarrek Vicinay eraikina berreskuratu dute.

Vicinay enpresak dituen instalazioak hutsik geratu direla ikusita, «auzoa mugitu egin da eta bat-batean berez antolatu da, hain zuzen ere, Deustuko Erriberaren erdi-erdian dagoen eraikin honekin zer egin erabakitzeko» Anabel Toyos auzo-elkartearen bozeramailearen hitzetan.

Gogorarazi dute planifikazioak berak babestutako 19 erakinetako bat dela, «ondare-aberastasunagatik eta bertako industria-memoriaren alde zaindu beharrekoa». 1946aan eraiki zuten, Ricardo Bastida arkitekto bilbotarraren proiektuaren arabera, Banco de Bilbaoren artxibategia gordetzeko.

Erriberako auzotarrek salatu dutenez, «Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Portuko Agintaritzak, Inmobiliaria Margen Derecha S.A-k eta Vicinay Cadenas S.A-k osatutako tandem publiko-pribatua prestatzen ari den hirigintza-marketin operazioaren atzean eraikin hondatuak, infra-bizitokiak, gizarte zerbitzu eza, alokairuen garestitzea eta zenbaitetan segurtasun arazoak ezkutatzen dira.

Errealitate horren aurrean, baina, «bada bizitasun handia duen auzo bat, egunotan erakutsi duen bezala gauzak egiteko prest dagoena» gaineratu du ekimenaren beste parte-hartzaile batek, Igor Vazquezek.

Joan den ostiralean, 50 auzotar inguru elkartu ziren Bizinahi izenpean aurkeztu duten egitasmoaren lehen pausoak eztabaidatu eta erabakitzeko. Auzolanean hasi dira eta espaziako garbitu eta sarrerak txukuntzeari ekin diote, bai eta soluzio bila ere eraikinaren argi eta ur faltaren aurrean. Horrela, kolore eta biziz janzten hasi nahi dute, lehen bailen ekintzez betetzeko.

Aldi berean, jakinarazi dute datozen egunetan instituzioekin biltzekoak direla.