Patxi GAZTELUMENDI

Izarok soinu banda jarri dio greba feministari

Duela urtebete hasi zen lanean Izaro 2018ko martxoaren 8ko kontzertuarekin. Eason disko berria aurkezteko prestatu dute kontzertu berezia. Bilboko eta Donostiako sarrera guztiak aldez aurretik salduta zeuden eta otsailean jakin zuten greba feministaren deialdiaren berri. Izarok eta taldekideek emanaldiarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta gaurkoan greba feministaren aldarrikapenekin bat egiteko baliatu dute kontzertua. Txalo zaparrada hunkigarri batek babestu du Malllabiako abeslariaren erabakia.

Izaro Arriaga antzoki betearen aurrean. Loraldia.eus
Izaro Arriaga antzoki betearen aurrean. Loraldia.eus

Om diskoarekin etxe bat eraikitzen saiatu zen Izaro. «Eason diskoarekin hiri bat eraiki dugu» aipatu du kontzertu hasi bezain pronto. Urduri zegoen Izaro, oso urduri. Eta publikoarekin ohikoa duen konplizitatea bilatzen saiatu da lehen unetik. Kontzertuak aurrera egin ahala lortu du hori ere, eta gogotsu erantzun dio ordurako poltsikoratuta zuen ikuslegoak.

Disko berriko kantuekin hasi du emanaldia, lehenengo biak gaztelaniaz gainera. Ostean hutsuneak betetzeko saiakera egin du, eta bakoitzak faltan botatzen duena Arriagara ekartzeko gonbidapena egin du, eta txalo hotsak eskertu dio keinua. Lehen kantuan Iker Laurobak pianoa jo eta handik aurrera kitarra artean eman du emanaldia. Slide guitar batekin lagundu dio kanturen batean.

Donostiari eskainitako diskoa da Eason berria, hiriburuan pisukide bizkaitarrekin batera bizitakoak gogoratzeko. Eta pisukideei eskaini die kantu eta egoera bat baino gehiago. Eta Garazi Esnaola Balerdi pianojole berria ere aurkeztu digu, bira honetan bere alboan egongo den musikaria. Xabier Zeberio biolinjoleak ere hainbat kantutan parte hartu du.

Greba feminista

Kontzertua aurrera zihoan, eta giroa gero eta hobea. Izaro ere lasaiago. Eta kantu berrienak aurkeztu ostean, ezagunentzako tartea ere bilatu du abeslari mallabiarrak. Une batez martxoaren 8ko data historikoa aintzat hartu eta greba feministaren berri izan zutenean sortu zitzaien kezkaren berri eman du. Jotzeko arrazoiak bota ditu. Eta lantaldean dituen emakumeen berri ematen hasi da. Garazi pianistak jotzeari utzi dio bere izena entzun ostean, amona aipatu du, kantu irakaslea, argi teknikariak -eta une horretan argia itzali dute- eta musikarien doinuak jarraitzen zuten ilunpetan, bere ahotsa ere mututu du, eta oso une berezia sortu da. Txalo zaparrada batekin eskertu diote kontzertura hurbildutako emakume feminista guztiek. Luzea eta sakona izan da etena. Zutik emakume guztiak.

 

Eta sexu gehiegikeriak jasan dituzten kirolari, aktore, musikari guztiak gogoratu ditu. Eta ironikoki aipatu du «gracias a....» pentsatzen duela gizarteak lortzen dutela arrakasta batzuek, eta «a pesar de ello...» izaten dela gaineratu du Izarok. Eta Leire Berasaluze "Letu" kantukidea gonbidatu du abestera. Unez une lasaiago Izaro, eta gertuko kontzertuetako giroa piztu du publikoan ere. Koroak egiten bi zatitan jarri du antzoki osoa.

Eta guzti guztiak kantuan, giro paregabean. ‘Utzidazu kontatzen’ errefuxiatuen aldeko kanturako Mikel Urdangarin gonbidatu du, eta ‘Zure ezpainen itsasoa’ kantuan Bermeoko Talako kantinatik zelan Izaro irla ikusten den aipatu du, bertan egon zela kantuan behin, eta bertara hurbiltzeko gogoz dagoela adierazi du. Musikariak aurkeztu eta agurtzeko ordua heldu da. Publikoak kontzertuan guztiz murgilduta, eta jarraitzeko gogoarekin, beste bat eskatu du. Eta sekulako rumba doinuekin bukatu da Loraldiako orain arteko ekitaldi arrakastatsuena. Iaz Biba aretoa bete zen, eta aurten Arriaga antzokia, greba feministaren aldarrikapenen eta elkartasun doinu atseginen artean.