naiz
Bilbo

Iñigo Gogoan plataformak Ertzaintza «beste Cabacas baten bila» dabilela salatu du

Athletic eta Spartaken partidaren atariko istiluetan ertzain bat, bihotzekoak jota, zendu eta gero, Ertzaintzak gomazko piloten erabilera berreskuratzeko eskaria egin du. Honen harira, Iñigo Gogoan plataformak EAEko polizia «beste Cabacas baten bila» ari dela salatu dute. Era berean, udazkenean izango den epaiketa «parodia bat» izanen dela azpimarratu.

Iñigo Cabacas plataforma gomazko piloten erabileraren aurka agertu da.
Iñigo Cabacas plataforma gomazko piloten erabileraren aurka agertu da.

Ertzaintza «beste Iñigo Cabacas baten bila» dabilela salatu du Iñigo Gogoan plataformak eta, bihotzekoagatik hil zen ertzaina, istiluen aurka gomazko pilotak berriro erabiltzeko erreklamazioa egiteko baliatzen ari direla.

Gainera, elkarte honek uste du Bizkaiko Probintzia Auzitegian Iñigo Cabacasen heriotzagatik, sei urte eta erdiren ondoren, urriaren 15etik azaroaren 9ra arte egingo den auzia «parodia bat» izango dela. Ohar batean, herri plataformak Ertzaintzaren hainbat sindikatu nahiz arduradunek egindako aipamenak «kezkagarri eta arriskutsuak» direla adierazii du. Haietan, arduradunek zaletu zurigorriaren heriotzaren ondorioz baztertu ziren gomazko pilotak berriro erabiltzeko eskatzen dute.

«Hau guztiarekin nahiko izango ez bagenu, azken aste hauetan etengabe entzuten ari gara piloten erabilera segurtasun sistema dela-eta erabilera hori behin ta berriz aldarrikazen ari dira», gehitu du plataformak.

Zentzu honetan, «izugarria» iruditzen zaio elkarteari «jendartearen segurtasunaren izenean, 2018 urtean herritarrok ditugun beharrekin zerikusirik ez duen eredu polizial bat aldarrikatzen ibili izatea». Eredu hau «beste garaietakoa» dela salatu ondoren, «egun Ertzaintza berak ezta haien arduradun politikoak ez dira gauza, herri honetako sektore sozialekin batera, eredu hori eraldatu eta eguneratzeko» aipatu duenez.

«Beste Iñigo Cabacas baten bila daude eta egoera honen aurrean ez gara ixilik geldituko. Eredu polizial hau errealitatetik at dago eta onartezina da esparru politiko zein judizialetatik dagoen inpunitatea. Era berean, ez da onargarria, futbol partiduen aitzakiaz, beldur eta ikara kanpainak sortzen ibiltzea, gerora estatu polizial bat sortzeko gure hirian zehar», azpimarratu du.

Bizkaiko Auzitegian ospatuko den auziari buruz esan du sei urte baino gehiago eta gero, «egun horretan piloten jaurtiketa egin zutenei baldintzarik gabeko babesa eskaini zaiola» eta, konkretuki, «haien arduradun zuzena den ‘Ugartekori’ baldintzarik gabeko babesa».