Martxoaren 23an ospatuko da Ingenieros-Deusto estropada

Ingenieros-Deusto estropada 1981ean sortu zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolak Deustuko Unibertsitateari «egindako erronka baten ondorioz». Deustuk 23 garaipen lortu ditu eta ingeniariek 14 eskuratu dituzte.

NAIZ|2018/03/13 14:32
20130328_regata
Deusto-Ingenieros estropada. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bilboko itsasadarraren urek bi unibertsitateen arteko estropada lehiaketa hartu izan dute 1981etik, erabat amateurra dena. Gaur arte, Deustuk 23 garaipen lortu ditu, besteak beste, iazkoa; ingeniariek, ordea, 14 eskuratu dituzte.

Aulki mugikorreko ontzian lehiatuko dira, zehazki, lemazaindun zortziko outrigger modalitatean. Ibilbidea lau milia nautikokoa izango da, hau da, 7.408 metrokoa. Norgehiagoka arratsaldeko 18.00etan hasiko da martxoaren 23an.

Arraunlariak Erandioko Altzagatik irtengo dira Bilboko Udaletxearen parera iritsi arte, helmuga bertan egongo baita. Ibilbidea sei zuzen nagusik eta bost bihurgunek osatuko dute. Deusto izango da zein ertzetik jardun nahi duen aukeratuko duena.

Aurkezpenean esan dutenez, 36 estropadetatik «iparraldeko ertzak 24 irabazi zituen eta hegoaldekoak 12», eta «aukeratzen ez duenak 36etatik 27 irabazi ditu».

Aurtengo estropada ostiralean egingo da, eta egun horretan ospatzen den hamaikagarren aldia izango da.

Denborarik luzeena 1987an erregistratu zen: Ingeniari eskolakoek 30 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko. Historian zehar, Ingeniarien eskolako 145 arraunlarik eta Deustuko 106 arraunlarik parte hartu dute proban, eta badago bi taldetan aritu den arraunlariren bat.