@manexaltuna

‘Far West’ itxura hartuko du Zazpi Katuk Bertso Errondako finalean

Ostegun honetan, martxoak 15, ospatuko da Bertso Erronda ekimenaren finala Zazpi Katun. Alde Zaharreko gaztetxeak ‘Far West’ itxura hartuko du eta ‘Bertso Saloon’ bilakatuko da, berezia eta ezberdina den txapelketa girotzeko asmoz. Hamar bertsolari gazte arituko dira lehian.

Bertso Erronda finalerako aurkeztu duten kartela.
Bertso Erronda finalerako aurkeztu duten kartela.

2017an ospatu zen lehen aldiz Bertso Erronda ekimena. Izandako harrera ona ikusita jarraipena izan du aurten. Bilbon bizi edo ikasten duten 25 bertsolari gaztek parte hartu dute eta otsailean eta martxoan zehar ospatu dira kanporaketak Alde Zaharreko Erronda kalean dauden Adaxka, Errondabide, La Villa eta Bira tabernetan astearte iluntzetan.

Antolakuntza lanetan ari den Oihana Bartra bertsolariak nabarmendu duenez, arrakastatsuak izan dira saioak, tabernak beterik egon dira eta jende berria gerturatu da aurten. Pozik agertu da izandako harrerarekin ez baita erraza euskarazko ekitaldiek toki bat egitea hiriko agenda kulturalean.

Gasteizen burutzen zen antzeko ekimen batetik hartu zutela ideia gogoratu du, baina ukitu «bilbaino» bat eman nahi izan diote txapelketari. Umorea eta giro alaia izaten dira nagusi saioetan. Agur musikatuak egiten dituzte eta kopletan abesten da gehien bat, formatua arinagoa izateko.

«Hil ala biziko lehia»

Unai Mendiburuk jantzi zuen iaz lehen «gerrikoa», finala boxeo giroan murgildu baitzen. Aurten ere Zazpi Katun izango da Mendiburu eta oraingoan ‘Far West’ itxura hartuko du gaztetxeak. Mendibururekin batera Aissa Intxausti, Maialen Akizu, Paule Loizaga, Aitor Irastorza, Jon Gurrutxaga, Urko Arregi, Ander Ucelay, Kerman Diaz eta Iker Apraiz bertsolari gazteak arituko dira lehian.

Arratsaldeko 20.00etan hasiko da finala eta agurra abestu ondoren, binaka jarri eta hil ala biziko lehia bat izango da. Beraz, bost bertsolari kanporatuak izango dira lehen kolpean ‘Bertso Saloon’-etik.

Iaz jende ilarak izan ziren eta aurten ere antzeko harrera izango duela Bertso Erronda ekimenaren finalak aurreikusten dute.