naiz
Bilbo

Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko mobilizazioa egingo dute ostiralean Bilbon

Altsasuko gazteei babesa erakutsi asmoz, mobilizazioa deitu dute ostiral honetarako Bilbon. 20:00etan elkartuko dira bizkaitar hiriburuko Eliptika plazan. «Burutzen ari diren eskubide urraketak» salatu dituzte eta elkartasun mobilizazio «masibo» bat egiteko beharra nabarmendu.

Bilboko hainbat kolektibok Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko mobilizazioa deitu dute.
Bilboko hainbat kolektibok Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko mobilizazioa deitu dute.

Bilboko hainbat kolektiboetako kideek mobilizazioa deitu dute ostiralerako, martxoak 23, bizkaitar hiriburuko Eliptika plazan, non epaituak izango diren Altsasuko gazteei elkartasuna adieraziko dieten. 20:00etan da deialdia.

Gaur bizkaitar hiriburuan egin duten agerraldian, eremu politiko eta sindikaleko ordezkariak, mugimendu feminista, gazte mugimenduko kideak, konpartsetako kideek eta kolektibo ezberdinetako kideek hartu dute parte, Altsasuko gazteen gurasoetako batzuekin batera. Oihana Bartra bertsolariak deialdi «masibo» bat egiteko beharra helarazi die «Bilboko herritar guztiei».

Ibon Altuna musikari eta abokatuak ere hitza hartu du esparru juridiko batetik eta «burutzen ari diren eskubide urraketak» salatu ditu. Ildo beretik, Koldo Arranzek, espetxean dagoen Oihan Arranz gazte altsasuarraren aitak, jasotako elkartasun eta babesa eskertu ditu eta mobilizazio honen garrantzia azpimarratzeaz gain, Nafarroan barrena egiten ari diren bira ekarri du gogora eta apirilaren 14ean Iruñean egingo den mobilizazio erraldoierako deia ere egin du.

375 urteko espetxe zigor eskariak egin zituen Fiskaltzak Altsasuko zortzi gazteentzako eta epaiketa apirilaren 16an abiatuko da Entzutegi Nazionalean.