NAIZ

Ikasle eta irakasleak elkarrekin irakurriz igaroko dute ostegun gaua Abusu ikastolan

Irakurzaletasunaren astea ospatzen ari dira Abusu ikastolan eta ostegun gau honetan Gaubela ekimena burutuko dute. Ikasle eta irakasleek gaua batera igaroko dute eta liburuak irakurriko dituzte elkarrekin.

Gaubela ekimena iragartzeko atera duten kartela.
Gaubela ekimena iragartzeko atera duten kartela.

Apirilaren 16tik 20ra bitartean irakurzaletasunaren astea ospatzen ari dira Bilboko Abusu ikastolan. Egun bakoitzean ekintza bat burutzen dute honekin lotuta eta ostegun honetan Gaubela bezala izendatu dutena egingo dute. Irakasle eta ikasleek gaua batera igaroko dute ikastolan eta liburuak irakurriko dituzte elkarrekin.

320tik gora dira izena eman duten haur eta gazteak, ikaslegoaren erdia nabarmentzen dutenez. Ikastolaren eraikina irin eta oihal fabrika izan zen garai batean eta gaur gauean «irakurleen hotel» bilakatuko da.

Prestaturiko egitarauaren baitan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera elkartuko dira ikasle eta irakasleak ikastolan. Taldeak antolatu ostean, bertan afalduko dute eta 21.00etatik 22.00etara bitartean ekintza ezberdinak egingo dituzte. Ipuin kontalariak, ipuin musikatuak edo beldurrezko istorioak izango dira.

Bukatzerakoan, lo zakuetan sartu eta bakoitzak eramandako liburua irakurtzeko tartea izango du gaueko 23.00ak arte. Hortik aurrera lo egiteko unea iritsiko da eta ostiral goizeko 8.00etan esnatzekoak dira. Gosaldu eta 9.00etan bakoitza bere gelara joateko.